GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Espainia egituratzeko» erronka ekonomikoa

Krisi larriak gastu murrizketa nabarmenak eragiten ditu, «arduratsu» jokatu behar delako, espainiar agintariek diotenez. Hartara, gizarte zerbitzuei, kulturari eta administrarien ustez garrantzi gutxien duten arloei behar beste diru kenduko diete; hala ere, krisiaren larria ez da horren larria «Espainiaren egituraketa» lortuko duten tresnak hizpide dituztenean. Atzokoan, Euskal Herria zeharkatuko duen beste azpiegitura erraldoi baten proiektua aurkeztu zuten Sustapen ministro espainiar Jose Blancok eta Hego Euskal Herriko gobernuetako buruek, besteak beste. «Euskal Y» delakoarekin bat eginez, Mediterraneo eta Kantauri itsasoak lotuko dituen trenbideak bi adar izango ditu gurean. Proiektua herritarren onerako izango omen da, baina, badaezpada, ez dute herritarren iritzia kontuan hartu. Bakan batzuen negozio erraldoia herritarrek ordaintzea nahi dute, iraunkortasunaren izenean. Nafarroako Ogasunak herrialdeko zatiaren ordainketa aurrera dezan prest dela esan du jada Miguel Sanzek, Madrilekin adostu bezala AHTren «nafar korridorea» egiteko; hori bai, oraindik ez du gastua zenbatekoa izango den esan. Ministro espainiarrak ere erronka ekonomikoek horrelako proiektuak eskatzen dituztela esan zuen atzo, baina ez zuen esan erronka horiek gizarte ongizatearen kontrakoak direla, ezta ingurumenaren hondamendia dakarren eredu eutsiezin eta bidegabe baten erronkak direla ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo