Autonomia Kolektiboarentzat Ipar Euskal Herriko egituraz eztabaidatzea da lehentasuna
AK-k hizpide izan zuen atzo Ipar Euskal Herriaren antolaketaz Baionan izaten ari den mintegia. Gai garrantzitsua izan arren, eztabaidagai nagusia hiru lurraldeen egituraketa juridikoa dela nabarmendu zuen.
Arantxa MANTEROLA
Hautetsien eta Garapen Kontseiluek antolatuta, Ipar Euskal Herriko lurralde eraketari buruz izaten ari diren jardunaldien karietara, «une honetan, eztabaidagai nagusia Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoak behar duten egitura juridikoa» dela adierazi zuten Autonomika Kolektiboko (AK) kide Maite Goienetxe eta Filipe Laskaraik, atzo Baionako fakultatean, mintegia izaten ari den gune berean.
Izan ere, «lurraldearentzat eragin handiko gaiez -garraioa, etxebizitza, mugaz gaindiko harremanak...- gogoeta anitz egingo da bertan», baina analisi horien ondorioak gauzatze bidean jartzeko beharrezko diren eskuduntzak eta funtsak nondik eta nola erdietsi da AKren kezka-iturri nagusia.
«Orain da unea»
Goienetxek Ipar Euskal Herriak «zer egitura, zer ahalmen juridiko eta zer fiskalitate» behar duen gainerako eragileekin eztabaidatzeko kolektiboaren prestutasuna agertu zuen: «Orain da unea. Hainbat eragilek ere adierazpen argiak egin dituzte zentzu berean. Hautetsien Kontseiluko buru Lasserrek berak berrikitan aitortu du marko juridiko berezia, erabakiak hartzeko gauza izango dena eta berauek betetzeko eskumenak izango dituena behar duela Ipar Euskal Herriak».
Ipar Euskal Herrian autonomiaren aldeko apustua egin behar dela gaineratu zuen, «indar abertzaleei eta progresistei eztabaida horretan sakontzeko» dei berezia egin eta azaroaren 14an, 18.00etan, Azkainen antolatu duten mitina gogoratu aurretik.