GARA > Idatzia > Mundua

Lisboako Itunaren aurrean britainiar subiranotasuna indartu nahi du Cameronek

Hauteskundeak irabaztekotan, Europar Batasunaren aurrean Britainia Handiaren subiranotasuna babesteko Auzitegi Konstituzionala sortuko duela iragarri zuen Alderdi Kontserbadorearen buru David Cameronek, Lisboako Itunari buruzko galdeketa atzera bota ondoren.

p025_f02_097x068.jpg

GARA

Datorren urteko hauteskunde orokorrak irabaztekotan, Britainia Handiak Europar Batasunak hartzen dituen erabakien ondorioz subiranotasuna gal ez dezan Subiranotasunaren Legea eratuko duela iragarri zuen atzo David Cameronek, Alderdi Kontserbadorearen buruak. Lege horren baitan, Auzitegi Konstituzionala ere sortuko luke. Bere zeregina Europar Batasunaren proposamenak aztertzea izango litzateke. «Idatzizko konstituziorik ez dugunez, Bruselaren harrapaketa inork baino gehiago jasan dugu», argudiatu zuen talde politikoaren goi kargu batek.

Cameronek Bruselaren esku dauden zenbait eskumen, horien artean, oinarrizko eskubideen atala eta lan araudia, aldarrikatuko dituela ere nabarmendu zuen. Baina, Lisboako Itunari buruzko galdeketarik ez duela egingo berretsi zuen. Duela bi urte, Alderdi Kontserbadoreak gobernua berreskuratzekotan herritarrei Ituna nahi duten ala ez galdetuko ziela hitzeman zuen. «Jada ez da itun bat, Europako Batasunaren legeari gehitu zaio eta ezin ditugu Itunak aurreikusten dituen kargu berriak desagerrarazi. Bihar eguzkia ez ateratzeko galdeketarik egin ezin dugun bezala, testuinguru berri honetan ezin diegu herritarrei Lisboari buruz galdetu», nabarmendu zuen Cameronek. Lehen ministro izatekotan -inkestek gehiengoa ematen diote-, Europar Batasunari boterea eman baino lehen britainiarren iritzia kontuan hartuko duela berretsi zuen. Kanpo Harremanetarako bozeramaile William Haguek asteartean esan zuenez, Txekiako presidente Vaclav Klausek Lisboako Ituna berretsi ostean amaitutzat ematen dute erreferendumaren gaineko konpromisoa.

«Urtetan, galdeketaren aldeko kanpaina egin dugu, baina, Txekiak Lisboako Ituna babestu ostean, galdeketa ez da posible. Herritarrek iritzia emateko eskubidea dutela uste arren, ituna lege bihurtuko da eta indarrean sartuko da. Hala, Britainia Handiak beto eskubidea galduko du eta erreferendumak ez luke Europako Kontseiluaren presidentearen izendapena saihestuko», esan zuen. Erabaki horrekin Europako Batasunarengan konfiantza gehiegirik ez dutenen haserrea piztu du Cameronek. Barne ministroa izandako David Davisek Britainia Handiak Bruselarekin izan nahi duen harremanari buruz erreferenduma egitea beharrezkoa dela nabarmendu zuen atzo «Daily Mail» egunkarian.

«Erreferendum bat egin beharko genuke, baina ez Lisboako Itunari buruz, baizik eta Gobernu britainiarrak Europar Batasunarekin negoziatu nahi dituen gaien inguruan», esan zuen kontserbadoreen artean pisu handia duen Davisek. Erreferenduma, gainera, balizko gobernu kontserbadoreak egin beharreko lehen gauzetariko bat izan beharko litzateke Davisentzat.

Hauteskunde orokorrak maiatzean edo ekainean egingo dira. Davisen hitzetan, galdeketa hiru hilabeteko epean egin beharko litzateke.

MILIBAND

Kanpo Harremanetarako britainiar ministroak, Davil Milibandnek, «Europari buruzko jarrera arriskutsua eta faltsua» izatea leporatu dio Cameroni.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo