Bilboko Zabalguneko Merkatua, Zinebi jaialdia hasi aurreko ekitaldien egoitza berria
Zinebiren 51. edizioa azaroaren 23tik 28ra bitartean ospatuko da Bilbon. Aurretik, ordea, azaroaren 11tik 21era, ekimenez beteriko Pre-Zinebi programa prestatu dute, iazko arrakastak bultzaturik.
Ane ARRUTI | BILBO
Bosgarren hamarkadaren ospakizunean hartutako bideari eutsiko dio aurten ere Zinebik, Bilboko Nazioarteko Zine Dokumental eta Laburmetraia Zinemaldiak. Jaialdia hasi aurretik giroa berotzen joateko, hamaika eguneko Pre-Zinebi egitarau anitza prestatu dute. Pasa den edizioan ekitaldi nagusien egoitza izan zen Gran Via Zine aretoei Zabalguneko Merkatuak hartuko dio lekukoa.
Bilboko ikus-entzunezko sektorea osatzen duten elkarte zein erakundeek hartuko dute parte egitarau honetan. Euskal Herriko Gidoigileen Elkarteak antolatutako «La Caja Kovak» filmaren aurkezpen eta proiekzioarekin abiatuko da programa azaroaren 11n. Bertan izango dira Daniel Monzon zuzendaria eta Jorge Gericaechevarria gidoigilea.
Hurrengo egunean, «Gidoi faktoria EIKEN-EITB» proiektua aurkeztuko dute, eta 20.00etatik aurrera, Zinema eskolen topaketak ospatuko dira. «Etorkizunean Zinebin parte hartuko duten gazteek euren lana pantaila handian ikusi ahal izango dute», esan zuen Ernesto del Rio jaialdiko zuzendariak. Proiekzioek ostiral iluntzean jarraituko dute.
Bigarren urtez, Zinebiexpress lehiaketa antolatu dute, azaroaren 14rako. Parte-hartzaileek 48 ordu izango dituzte bideoak aurkezteko. Iaz gaia jaialdia bera izan bazen ere, aurten ez dute gai zehatzik jarri, betiere hiriarekin lotura izanez gero. Larunbat horretan, Zinegoak jaialdikoek film labur euskaldunen sorta bat aurkeztuko dute eta jarraian «Transgaua» jaia izango da Las Fellini eta Yogurinha Borova taldeen emanaldiekin.
Azaroaren 16an Unicef-Euskal Herriak «S.O.S. Níger, una emergencia silenciosa» dokumentala aurkeztuko du. Imanol Arias eta Ana Duato aktoreek bertan igarotako astebeteko egonaldia kontatzen da.
Hurrengo egunean, Zine Klub Fas zikloak jaialdian zehar saritutako zenbait film proiektatuko ditu, Begoña Vicario zinemagilearen laguntzarekin. Asteartean bertan, Matt Harding estatubatuarraren kontzertua izango da, 22.00etan.
Simone de Beauvoir taldeak bi pelikula aurkeztuko ditu azaroaren 18 eta 19an, latinoamerikar emakumeek egindakoak eta Donostiako Zinemaldiko «Horizontes Latinos» atalean parte hartu dutenak biak. Bukatzeko eta Zinebiri bidea emateko, Caostica kolektiboak, festa antolatu du azaroaren 21erako, ikus-entzunezko ekimen ezberdinez gozatzeko.