GARA > Idatzia > Kultura

Bosgarren «Kameratoia», ikus-entzunezkoen rallya, Bermeon ospatuko da


A. A. | BILBO

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak bosgarren ikus-entzunezkoen rallya antolatu du abenduaren 12rako. «Kameratoia» Bermeon ospatuko da egun horretan. Lehenengo aldiz izango da Bizkaian, aurreko edizioetan Eibarren, Laudion, Elgetan eta Donostian egin baitzuten.

Aurtengoan ere aurreko urteetako oinarri berdinak izango dira. Argazki rallyetan egin ohi den bezala, parte-hartzaileek epe mugatu bat izango dute -hamar ordukoa, 9.00etatik 19.00ak arte- euren lanak sortzeko, «egunean bertan ezagutuko duten gaia eta euren lanetan derrigorrez agertu behar diren Bermeoko hamabi ezaugarri emanda, hiru minutuko bideo baten istorioa asmatu, irudiak grabatu, editatu eta jendaurrean aurkezteko», azaldu zuen Topaguneko Sonia Perezek.

Lehiaketaren helburua gazte euskaldunen sormena bultzatzea dela azaldu zuten atzo egindako aurkezpenean, «gazteak berez sortzaileak izanik, aukera bat, plaza bat eman nahi diegu», esan zuen Perezek.

Hamar orduko epeak estu samarra badirudi ere, antolatzaileen esanetan, «gazte euskaldunen artean badago hori eta gehiago ere egiteko irudimen eta gaitasuna». Hori erakusten dute orain arte burututako lau edizioek. Guztira 478 lagunek hartu dute parte «Kameratoia» rallyan eta denen artean 73 ikus-entzunezko sortu dituzte.

Izena emateko epea zabalik da jadanik eta azaroaren 30era arte egongo da horretarako aukera. Baldintzak www.kameratoia.com atarian plazaratu dituzte -baita aurreko edizioetan aurkeztutako lanak ere-, baina honakoak dira oinarrizkoenak: gazte euskalduna izatea (18 eta 35 urte bitartean) eta ordenagailua eta beharrezko tresneria edukitzea. Antolatzaileek lan egiteko gune bat eta Interneterako konexioa eskainiko dituzte.

Lanen zabalkundea

Egun horretan sortuko diren hiru minutuko film labur horien helburu nagusia jendearenganaino iristea izanik, «Creative Commons, Aitortu-Partekatu» lizentziapean zabalduko dira. Eduki kulturalak erabiltzeko lizentzia horrek, «copyright ezagunak ez bezala, sormen lanen zabalkundea errazten du, baimena ematen baitu nahi duen edozeinek edukiok zabaldu, berrerabili eta haietan oinarrituta lan berriak sortzeko, betiere jatorrizko egileak aipatzeko eta eratorritako lanak baldintza berdinetan partekatzeko betebeharrarekin», azaldu zuen Perezek.

Gainera, zenbait lan Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat aretotan mugitzen den Film Laburren Zirkuituan sartuko ditu Topaguneak. Iazkoan Paris, Erroma edo Shangain izan ziren, esaterako. Lan onenek izango dute bere ordainsaria ere. 3.600 euro banatuko dituzte hiru saritan: 1.500, 1.200 eta 900 euro, hurrenez hurren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo