GARA > Idatzia > Mundua

FARC indartu egin dela aitortu du Gobernuak azken erasoen ostean

FARC indartu dela aitortu du Kolonbiako Gobernuak, gerrillak astelehenean Caucako barrutian bederatzi militar hil ostean. Armadarekin izan zuten liskarrak astearte goizera arte iraun zuen. Defentsa ministrordeak gerrillaren kontrako borrokan «une txarrean» daudela esan zuen.

p028_f01_097x128.jpg

GARA |

Kolonbiako Gobernuak FARC berrindartu dela aitortu behar izan du azken erasoen ondoren. Astelehen gauean gerrillak bederatzi militar hil zituen Corinto herrian, Caucako barrutian. Soldaduekin izan zuten borrokak goizera arte iraun zuen. Ehun bat gerrillarik esku hartu zuten erasoaldian. «Infernua izan zen. Konturatu ginenerako, gure kontra eskuz egindako bonbak jaurtitzen ari ziren metrailadoreekin lagunduta», azaldu zuen onik ateratzea lortu zuen soldadu batek Caracol irratiari eginiko adierazpenetan.

Alvaro Uribe presidenteak erasoaldiaren larritasuna onartu zuen. «Tragedia izugarria da. Ikusiko dugu zer nolako zuzengarriak ezartzen ditugun orain», adierazi zuen. Bere agindupean, «segurtasun demokratikoa» delako politika martxan jarri eta bide militarrari lehentasuna eman dio Gobernuak.

Defentsa ministrordeak, Sergio Jaramillok, FARCen kontrako borroka bere une onenean ez dagoela aitortu zuen. «Esku artean dugun fasea zailenetariko bat da», esan zuen. Urtarriletik ekainera bitarte, 259 militar eta polizia hil dira, Armadaren arabera. Ekintzen %89 FARC taldeari leporatu dizkiote.

Segurtasuna eta Demokrazia Fundazioak aditzera eman duenez, 2008ko lehen seihilekoan 78 polizia eta militar hil zituzten. Aurtengo epe berean, 147 izan dira hildakoak. Fundazioaren zuzendari Alfredo Rangelen hitzetan, gerrillaren ekintzak ugaritu badira ere, «ez dute oihartzunik». «Indarra dutela erakutsi nahi dute, baina horrek ez du esan nahi berrindartzen ari direnik», gaineratu zuen.

Nuevo Arco Iris gobernuz kanpoko erakundea ez da iritzi berekoa. Haren zuzendari Leon Valenciak esan zuenez, 2008an zuten egoerarekin alderatuta, oraingoa hobea da. Iaz, zuzendaritzako hiru kide hil zituzten eta Ingrid Betancourt askatu zuten. «Buruzagirik gabe gelditu ziren Manuel Marulandaren heriotza eta gero. Buruzagitza aldaketak nahaspila eragin zuen arren, orain estrategia militar eta politikoa dute. Ekintzak bikoiztu dituzte eta ez dute eraso gogorrik jaso bueltan. Fronte berriak osatu dituzte Guaviareko zonaldean eta gizarte zibilarekin elkarrizketa bideak eraiki dituzte», azaldu zuen.

batailoi gehiago

Kolonbiako Gobernuak Armadako hamabi batailoi bidali ditu Caucako barrutira, astelehenean militarren kontra eginiko erasorik larriena gertatu ostean. Militar gehiago egoteak laster emaitzak emango dituela plazaratu zuen gobernadoreak.

«oztopoak»

Uriberen Gobernuak «gure esku ditugun pertsonen askapena oztopatzen ari da onartezinak diren eta zentzurik ez duten eskaerekin», salatu zuen FARC gerrillari taldeak agiri batean. Atzerapenaren errua Gobernuari leporatu zion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo