GARA > Idatzia > Kultura

Ken Zazpik autoekoiztutako zuzeneko bat oparitu nahi die zaleei

«Ken Zazpi urte zuzenean» da Gernikaldekoek atzo aurkeztutako lan berria, iragan urtarrilean Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskaini kontzertua biltzen duena, 14 kantuko diskoan eta ordubeteko dokumentalean. Seikoteak Argiak Diskak etxea ere sortu du aurrerantzeko lanak argitaratzeko, eta Elkarrekin plazaratutako «Argiak» izan ezik, aurreko katalogo guztia berreskuratu dute, Gor etxeak bere garaian plazaratu «Atzo da bihar», «Bidean» eta «Gelditu denbora» lanek osatua. Ken Zazpi plazara aterako da orain, aurkeztutako lana jotzera, eta etapa berri bati ekingo dio gero.

p048_f01_204X124.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Errepideetara eta plazara atera zirenetik zazpi urte bete ditu Ken Zazpi taldeak, eta urtemuga ospatzera dator «Ken Zazpi urte zuzenean» lana, entzuleenganako esker on eta opari legez argitara emana.

«Argitaratu berri dugun lanean gure mundua dago», adierazi du Eñaut Elorrieta abeslariak, «sentipenak, jarrera...». Publikoa «zazpigarren taldekidea» dela iritzita, eta «bira ikaragarri» baten ostean, dokumentu batean agertu nahi izan du taldeak, «bihotzarekin egindako lana» agertu eta, kantuez gain, bizipen eta elkarrizketen bidez Ken Zazpiren berri eman eta «mugarri bat» ezarri.

Elorrietaren ustez, «magia duen lana da» honakoa, entzuleengandik jasotakoa ospatu eta eskerrak emateko modua. «Ken Zazpi urte zuzenean» lanak taldearen ibilbidea laburbiltzen du hamalau kantu «kuttunenen» bitartez. Eta Jon Fresko bateria jotzaileak gaineratu duenez, «ez da horren zaila hautaketa egitea, bakoitzak bere kantu gogokoenak dituen arren, gehienak ez baitabiltza zaleek eskatzen dituztenetatik urruti».

Autoekoizpenean egindako «artisau» lana «zazpi urteko ume baten irrikaz» eta «mimo handiz» prestatu dute, eta dokumental bat ere badakar -Ken Zazpiren esentzia gertutik jasotzen omen duena-, taldearen ingurunea agertzen duena (familia, lagun, manager, atzo eta gaurko teknikariak...); publikoa «modu intimo batean taldearen barneranzko bidaia» egitera gonbidatuta, «Ken Zazpiren izatearen muineraino».

Lana aurtengo urtarrilaren 3an grabatu zuten Donostiako Victoria Eugenia antzokian emandako zuzenekoan, soinu teknikari Haritz Harreguy eta argi teknikari Jabi Ulla zirela. Bideoa, berriz, Antton Aldekoak burutua da. Eta taldeak berak sortu berri duen Argiak Diskak etxean plazaratu dute, «barne erronka» bati aurre eginda. Modu horretan prozesu guztia bere gain hartu du taldeak, eta Elkar etxeak plazaratu «Argiak» diskoa izan ezik, taldeak Gor zigiluan zuen katalogo osoa berreskuratu du. Hemendik aurrera, beraz, autoekoizpenean emango dituzte lanak, taldeari «zirrara berezia» eragiten diona (Durangoko Azokan ere beren stand-a izango dute aurten).

Behin lana argitara emanda, aurki oholtza gainera igoko da berriro Ken Zazpi, bira «labur eta bero bat» egiteko. Lehen zuzenekoa Arriaga antzokian emango dute abenduaren 23an, eta beste hamabost bat hitzorduren ostean, azkena, nola ez, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, maiatz aldera.

Berriro zuzenera

Elorrietak adierazi duenez, «kanturik berezienak joko ditugu biran, baita orain arte gehiegi jo ez ditugunak eta sortu berriren bat edo beste ere», eta taldearen iragana, oraina eta etorkizuna lotu, «guztiz biluztuta».

Zortzi urtetan bost lan plazaratuta -bi bildumak dira- inoiz baino «heldutasun handiagoa» dutela iritzita, «erronka berriak hartu eta aurrerapausoak» emateko prest dira orain, Beñat Serna gitarra-jotzailearen esanetan. Web orria bera ere atzo bertan berritu zuen Ken Zazpik. «Ziklo bat itxi dugu eta beste baterantz goaz», agurtu zaizkigu taldekideak.

AUTOEKOIZPENA

Ken Zazpi taldeak Argiak Diskak etxea sortu berri du, eta zuzenekoa bertan plazaratzeaz gain, Elkarren plazaratutako «Argiak» diskoa izan ezik, aurreko katalogoa eskuratu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo