Huelvako espetxean hasi zuten itxialdia bertan behera geratu da oraingoz
GARA | BILBO
Azken asteburuetan senide eta lagunek jasandako tratu eta miaketak salatzeko Huelvako espetxean dauden euskal preso politikoek abiatu zuten itxialdia bertan behera geratu da oraingoz. Amnistiaren aldeko mugimenduak azaldu zuenez, espetxeko zuzendariarekin bilkura eskatu dute euskal presoek, eta berarekin hitz egin ondoren erabakiko dute zer egingo duten.
Asteburu honetan gertaerak errepikatuko balira, presoek borrokaldiarekin aurrera egingo dutela adierazi dute. Miaketak egiteko aginduaren berri ematen zuen orrietako batean ohartarazten zieten nahi ahala egingo zituztela halako miaketak, arrazoi zehatzik gabe.
Bestalde, orain aste batzuk Getariako hiru bizilagun Madrilen deklaratzen izan ziren «terrorismoa goraipatzeaz» akusaturik. Hori dela-eta, ezker abertzaleak, Aralarrek eta EAk erantzun bateratua ematea erabaki dute: larunbaterako elkarretaratzea antolatuz eta, atzo, salaketa mozioa aurkeztuz Udalean. EAJk ez die babesik agertu ekimenoi.