Jesus Mari Mendizabal 2009/11/17
Bat, bi, hiru
EL DIARIO VASCO
Artean soldaduska egiten zen garai ez hain urrunekoan, gaur oraindik euskal kantari dabilen mutil bizkaitar bati gertatua kontatuko dut. Kapitain kastillano bat buru hartuta, irten da kuarteletik soldadu-konpainia maniobretan Nafarroako ipar-mugara, Errotik goiti. Mugan zeharreko goi ordekatan oinezko dabiltzala, topo egin dute artzain batekin. Inguratu zaio militar-koadrila abegi gozoz, eta egin dizkio kapitainak agurrak eta galderak txeratsu. Kastillanoz, baldinbaitere. Artzainak tutik ulertzen ez. Etsia hartu du konpainia-buruak eta badoaz denak berriro martxan. Tartean, ordea, mutil euskalduna izaki (arestian aitatu huraxe), egin dio honek diosala artzainari euskaraz, eta hitz egin dute biek honetaz eta hartaz. Gainerakoak aho zabalik (...). Aurreraxeago gerarazi du konpainia kapitainak eta esan dio gure mutilari: «Da gusto, vasco, oírte hablar en francés. ¡No sabes qué envidia me das!». Zein ondo moldatzen zareten, alegia, euskaldunak frantsesez ere.
Ongi, irakurlea; eta zer ematen digu aditzera pasadizo honek, ezpada gurekin orain hemen gertatzen ari dena? Zenbat jaio eta bizi eta hil ere egiten den gure lurrean kastillano edo frantses, euskara existitzen denik ere erreparatu gabe. Zenbat, ene! Ilargian ura omen deneko notiziari leba eta garrantzi handiagoa ematen diote, Euskal Herrian euskara badenari baino. Ares bat, Retegi Bi, zeure/neure etxekonak hiru. (...)