GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Edurne Epelde, Maite Segurola Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak

Elkartasunetik ekin autodefentsari!

Oso kontziente gara emakume izatearen arriskuez, eguneroko beldur eta erasoez, baina autodefentsan sinesten dugu, gure burua defendatzeko dugun gaitasunean, eta ez dugu salbatzaileen zain egoteko asmorik

Emakumeon kontrako indarkeriaren gaia hainbat ikuspegitatik landu da urte luzeetan, baina orokorrean, gehienetan, emakumearen biktima rola azpimarratu eta gai isolatu bezala landu izan da. Mugimendu feministatik, berriz, beti saiatu gara jazoera hauen izaera estrukturala azpimarratzen, bai sistema patriarkalaren ondorio larriena direlako bai emakumeok esparru guztietan bizi dugun zapalkuntzaren parte direlako.

Arazoaren errora joz sistema patriarkalaren funtsarekin amaitzea da giltza. Horretarako, egungo jendarte arauak iraultzeaz gain, emakumeok erasoei aurre egiteko eskura ditugun tresnak azpimarratzea, prebentzioa eta hezkuntzan indarra jartzea ezinbestekoa da. Baina, espezifikoki emakumea «babestu» eta zigorrak gogortzeko soilik onartu eta kaleratu diren lege eta neurri bateria luze-zabala al dira hori lortzeko tresna egokiena?

Jendarte egituraketa da emakumeon kontrako indarkeria ahalbidetzen duena. Hori kontuan hartu eta erantzun integralak diseinatu beharrean, instituzioetatik aurrera eramaten ari diren lege eta neurri ezberdinek ez dute indarkeriarekin amaitzea lortzen. Horren adibide ditugu 2009an jazotako zazpi erailketa eta bortxaketak. Datuok, beheranzko joera izan beharrean, goranzko joera dute azken urteetan.

Gainera, erasotzaileen adinak ere ideia argigarri bat azaltzen digu: teorian hezkuntza aurrerakoi eta berdinzaleago bat jaso duten gazteen artean ez dira jarrerak aldatzen ari eta sexuen arteko botere harremanek bizirik diraute. Praktikan aldaketarik ez da eman jendarteak garatzen dituen harreman sozialetan. Bada, beraz, epe laburrean egin beharreko lan sakona. Instituzioetatik martxan dagoena berraztertu eta prebentziorako neurri zehatzak jartzea, alegia.

Panorama horrela izanda, besteek zer egingo zain egoteari utzi eta emakumeak gure baitako neurriak martxan jartzen hasi gara. Kemen uholde berri bat eragitera gatoz, aurrekoen olatuei bultzada eraberritua ematera. Egoeraren jabe egin eta era kolektiboan indarkeriari, patriarkatuari hortzak erakusteko ordua iritsi da. Aski nekatuak gaude datuak kaleratzeaz, egoeraren larritasunaz jabearazteaz, instituzioen hutsuneak ikusarazteaz.

Oso kontziente gara emakume izatearen arriskuez, eguneroko beldur eta erasoez, baina autodefentsan sinesten dugu, gure burua defendatzeko dugun gaitasunean, eta ez dugu salbatzaileen zain egoteko asmorik. Golpeei, irainei, gutxiespenei, mehatxuei aurre egiteko ordua da.

Egin nahi ez duguna egiteari utzi, maite gaituela dioten erasotzaileei planto egin, gure bizi proiektuak askatasunean, menpekotasunetik kanpo garatzen segi. Jarreraz aldatzeko garaia iritsi da, gure baitan jarrera aldatzekoa. Erasoen aurrean bakarrik sentitzeari utzi eta emakume guztion artean, planto egin, erantzun, ekiteko abagunean aurkitzen gara; emakume bat erasotzen dutenean guztioi erasotzen gaituztelako.

Esaera ez da berria, baina biziki indarrean jarraitzen du emakumeen arteko elkartasunaren oinarrira jo nahi bada. Eraso bakoitzak emakumeen egoera orokorrean eragiten du. Beronen aurrean hartzen den jarrerak, berriz, parekidetasunaren bidean beste pauso garrantzitsua suposa dezake.

Bide desberdinetatik helduz egiten diogu aurre indarkeria matxistaren itzal luzeari. Baina kontua ez da geure burua defendatzea soilik, gure ondokoari bihar edo gaur bertan pasa dakioken zerbait baita. Garrantzitsua da, beraz, bizipenak, beldurrak nahiz aurre egiteko estrategiak taldean konpartitzea. Bakarrik sentitzeari utzi eta gure artean bildu, hitz egin, eztabaidatu eta antolatuz bakarrik lortuko dugu autodefentsa feminista erreala martxan jartzea. Indibiduala, bakoitzarena, pertsonala modan dagoen garai hauetan, elkartasuna eta kolektiboa bezalako kontzeptuak indartu beharra gero eta urgenteagoa bihurtzen ari da.

Kolektiboa geure egunerokotasunak bat egiten gaituelako. Elkartasuna, berau gabe indibidual horretan galduz bakarrik sentitzen jarraituko dugulako. Gurea ere baden kalea berreskuratu eta auzoan, herrian, hirian nahiz munduan zehar aske ibili ahal izateko. Eta bide batez eremu publikoan lasai ibili, gure erabakiak errespetatzen diren espazioak sortuz eta erasoak pairatzen diren eremu eta egoeratan neurri zehatzak aplikatuz.

Dominoko fitxak bezala, batak besteari eraginez sistema osoa hankaz gora jartzea lortuko dugu, indarkeriarekin amaituko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo