GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Itzulia eta gorria!

Lehengoan autobusean, eskua goiko heldulekuari eutsita, alboko autobus-kide bati, beste batekin berbetan zegoela, entzun nion hitz-erdika esaten: gorria datorrela! eta itzulia! Hau kolpea! pentsatu nuen kolpe batez LABeko kanpaina buruan, iraultza heltzear da eta ni oinetako atzazalak moztu gabe! Eta sozialista behar du izan, eredua gorrira itzuli behar badu!. Bai zera! lerdo halakoa! geroago prentsa eskuan nuela jabetu nintzen berriaz. Selekzioa zen gorria! eta Vuelta itzulia! eta biak zein biak beheko Estatuarenak!. Demontre!. Ausardia behar gero, hango selekzioari gorria esateko! Gualda, beilegia, gorriz margotu arren betikoa izaten segitzen du horrek, espirituz segitu ere. Amen. Tira, harira!. Nik ondo ikusten dut, oftalmologo ona dudalako, hango bueltako etaparen batek hemengo herrialdeetatik pasabidea izatea, baina helmuga izan gabe, beti ere. Herrialde hauetako helmugak ez baitituzte hangoek ezarriko, helbideak ere ez. Gure helmugak nahi dugun lekuan jartzeko tresnak eskura ditugunean orduantxe izan lezake hango bueltako etaparen batek hemen amaiera, beti ere bueltako azken etapa ez bada. Puntu horretara heldu bitartean etaparen batean anoa-postua baino ez, avituallamiento edo, hemengo kalitatezko jakiekin izan ere. Tresnak gure esku daudenean amaiera, irteera bera ere, izan lezakete hemen hango bueltako etapa batzuek. Une horretan, gainera, berme osoa izango da ertzainek ez dutela helmugako pankarta amorraldi betean indarrez kendu eta zarratatuko. Ez da berme txikia, gero!. Eta horretan garela, ustezko gorri hura, hango selekzioa, datorrela ere! Somaliako selekzioa etorri daitekeen moduan! Baina sekula, santa bada ere, bi horien arteko partida hemengo zelaietan jokatzeko!. Bisitari modura etorri, eta modu berean joan ere. Ez gara gure zelaian jokoz kanpo geratuko. Eta Afrikako adar hartakoa aipatu dudala, hantxe jaia eta algara lehen arrantzatik bizi ziren hango kostako herrixka batzuetan egunotan izan ei dena, erreskatea erreskate. Gabonetako loteria-egunaren arratseko irudiak datozkit burura; lastima ETBk ez zuela berriemailerik han, Gabonetako monarkarena prestatzen ote?. Tira, komertzio txikerra bultzatua da han, eta kontsumoa ... litekeena da Somalia garapen bidera sartzea, erreskatez erreskate. Kolpea gero! hango uretako arrantzak emanaren parte bat Somaliara bueltatu izana. Somaliako itzulia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo