GARA > Idatzia > Euskal Herria

Estatu frantsesaren errepresio estrategiaren xedeez gogoeta egingo du Segik gazteekin

Aspalditik salatzen ari diren Estatu frantsesaren «errepresio-estrategiaz» duen azterketa beste gazteekin konpartitzeko, Segik kanpaina berria abiatu du, otsailean, Gazte Egun erraldoiarekin amaituko dena.

p019_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

«Azken urteotan, eta bereziki azken hilabeteotan, Frantziak gazteria independentistaren aurka gurutzada» daramala begi bistakoa jo zuten, Segiren izenean, Amaia Elixiri eta Antton Rougetek, atzo Baionan egindako agerraldian. Haien esanetan, «arrazoi edo aitzakia desberdinak plazaratuz, gazteak jomuga dituzten hainbat operazio burutu dituzte».

Operazio horien «ondorio larriak» nabarmenduta, joan den ekainean izandako atxiloketak eta, bereziki, espetxeratutako lau gazteen -Eneko Etxegarai, Ibai Agirrebarrena, Gilen Goiti eta Xan Beyrie- kasua aipatu zuten. Segirentzat, jokamolde horren helburua «argia eta bakarra» da: gazte-erakundeak daraman lan politikoa oztopatzea, alegia.

«Euskal gazteria aitzina!»

«Eraso» horien guztien aurrean, erantzun behar dutela iritzita, «Pour l'avenir de la jeunesse, euskal gazteria aitzina» lelopean bira bat antolatu dute. Ekimenaren zioa Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gazteekin bildu eta harremanak indartzea da. «Esparru anitzetan, izan kultur arloko taldeetan, gazte asanbladetan, kirolean edo Euskal Herria Zuzenean jaialdian, gazte andana dabil lanean. Haiek egiten duten lana biziki garrantzitsua dela deritzogu», adierazi zuten Baionan bi bozeramaileek.

«Parisen zapalkuntza eremu ezberdinetan gauzatzen denez», gazte dinamiko horiekin biltzea eta elkarrekin hausnarketa burutzea da biraren xedea. «Ez goaz formula magikorik aurkeztera, baizik eta beraiekin mintzatzera, gogoeta komuna egitera eta, batez ere, ekarpenak entzutera. Orotara, herriz herri 300 bat gazterekin biltzeko erronka jarri diogu geure buruari», adierazi zuten Elixirik eta Rougetek.

Horretarako hainbat batzar ireki, mintzaldi eta mobilizazio antolatuko dituzte eta parte hartzeko dei berezia egin zioten atzokoan gazte orori.

Kanpainaren lehen hitzordua heldu den larunbaterako eman dute, Donaixtiko Bota gaztetxean egingo den kontzertuan. Abenduaren 5ean, berriz, batzarra egingo dute Uztaritzen, 17.00etatik goiti. Bertan, Askatasunaren partaidetzarekin, azken urteotako «bilan errepresiboa» egin ostean, Segik egiten duen «irakurketa politikoa» plazaratu eta bira aurkeztuko dute.

Azaroaren 11, gorriz

Agerraldiaren hasieran, joan den azaroaren 11n Uztaritzen izandako gertakariak salatu zituzten. «Egun hori, Segiren egutegian gorriz margotuta dago. Egun horretan gure nortasuna ukatzen duten sinboloez apaintzen dituzte gure herriak. `Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da!' ekimenaren baitan, ikur horiek kentzeko ekintzen baitan kokatzen dugu Uztaritzekoa».

Poliziak atxilotu zituzten gazteen bila «espresuki» joan zirela gaineratu zuten: «Ez zen kasualitatea izan, ongi aurreikusia baitzuten. Euskal gazteriaren kontra azkenaldian ematen ari diren erasoen artean kokatzen ditugu atxiloketok ere».

300 gazte

Hiru hilabetetan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 300 gazterekin biltzeko erronka jarri dio Segik bere buruari. Alor ezberdinetan «lan oso garrantzitsua» egiten dutenekin gogoeta egitea dute helburu.

HITZORDUAK

Hainbat bilkura, batzar eta hitzaldi antolatuko ditu Segik. Abenduaren 5ean «azken urteotako errepresioaren bilana» aurkezteko batzarra izango da Uztaritzen. Otsailean, Gazte Egun erraldoiarekin amaituko dute bira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo