GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Lana ongi eta zuhur egin dugula frogatzen du honek»

p006_f02.jpg

Xabier Mikel Errekondo
Usurbilgo alkatea

Poztasun handiz jaso du Usurbilgo alkateak erreferenduma egin ahal izateko Ministro espainolen Kontseiluak emandako baimena, herritarrak baitira haren iritziz, «sistema honen giltza». Orain arte herritarrek emandako erantzuna «zoriontzekoa» izan dela ere gehitu du.

Nola baloratzen du Usurbilgo Udalak hondakinen inguruko herri kontsultak Gobernu espainolaren oniritzia jaso izana? 

Oso pozik gaude erabakiarekin. Pozik, herritarrek erabakitzeko eskubidea gauzatzeko modua izango dutelako. Herritarren intereserako eta herritarrei eragiten dieten gaien inguruko erabakiak, ohikoa ez bada ere, herritarrek hartzea derrigorrezkoa dela garbi dugu. Demokraziaren funtsa da hori. Eta herritarren hitza eta erabakia ematearekin pozik gaude. Hala ere, gehitu beharra dago Madrildik horrelako baimenak etortzea ez dela ohikoa. Beldurra zaio horri, baina Usurbilen konfiantza dugu usurbildarrengan, beraiek dira gure politikaren eta gure proiektuen ardatz eta herritar guztiok erabakiko dugu egindakoaz.

Horrelako erantzunik espero zenuten?

Udalbatzak onartu zuen erreferenduma egitea. Udalbatzak erabaki zuen Udala izatea antolatzaile eta horretarako tramiteak egin ditugu erantzuna jaso arte. Kritika erraza egin nahi zutenek galdeketa ez genuela egingo esan zuten, atzeratzen ari ginela zioten, baina errealitatea izan da egin beharreko guztiak egin ditugula eta zain egon garela. Guk udal baten gobernuaren ardura dugu, erantzukizunez jokatu dugu, lana ongi egin dugu, zuhur, baiezko erantzuna jasotzeko. 

Joan den martxoan abiatu zenuten Usurbilen atez ateko hiri hondakinen bilketa, aurretik ordea, ez al zen herritarren parte hartzea bultzatu?  

Hasieratik herritarra informatzeaz gain, iritzia eman zezan eta erabakietan parte har zezan saiatu gara. Bi hilabeteko parte hartze prozesua egin genuen, auzoz auzo bilerak egin ditugu eta benetan zoriontzekoa da herritarrek eman duten erantzuna. Arduraz jokatu dute eta horri esker denon artean atez ateko bilketa sistemari zilegitasuna emateaz gain, martxotik martxan den bilketaren ezaugarriak erabaki ditugu. 6.000 biztanleko herrian, 4.800eko erroldan 1.600 pertsona hurbildu izana bada zerbait. Usurbildarren portaera eredugarria izan da, baita sistemaren kontra zeudenen gehienena ere. Sistemarekin ados ez, baina saiatu dira ongi egiten eta horri esker ere %28ko bilketa selektibotik %82ra pasatu gara. Hori izugarrizkoa da, iraultza da.

Hiri hondakinen bilketa honen kontra dagoen plataforma batek bultzatuta erabaki al zen herrian erreferenduma egitea ala aurrez aurreikusita zegoen herritarren iritzia era honetan biltzea? 

Herritarrak dira sistema honen giltza. Gehiengoa kontra balego, porrot egingo luke. Baina arrakastatsua da, egunero-egunero erreferenduma egiten ari gara, egunero biltzen ditugulako hondakinak. Esfortzu handia egin eta erantzuna aparta izan arren, bistan da ezinezkoa dela herritar guztiengana iristea, sistema oraindik ezagutzen ez zutenean herritar talde batek erreferenduma eskatu baitzuen. Hori horrela, behin sistema martxan dagoela, herritarrak dakienean zer den atez atekoa, nola funtzionatzen duen, zer nolako ohitura aldaketak dakartzan eta zer nolako emaitzak lortzen dituen... orduan betetzen dira erreferenduma egiteko baldintza guztiak.

Nola eta noiz planteatu zen herri galdeketa egitea? 

Guk hitza herritarrei eman nahi diegu, galdeketa denon artean antolatzeko galdera prestatu zuen batzordeari deituko diogu gaia bideratzeko, baina horren ardura Udalarena denez, jakin nahi dugu zein baldintzatan egin behar dugun galdeketa. Espainiako Ministroen Kontseiluak baimena eman zuenetik asteak pasatu dira, eta udal idazkariak hamaika saio egin arren, oraindik ez dugu jakinarazpen ofizialik Udalean. Ofizialki, zehatz-mehatz, ez dakigu Ministroen Kontseiluak zer onartu duen. Behin hori jakinda, antolatze lanari ekingo diogu.  

Bestelako gai edo azpiegiturekin erreferendumak egitea aurreikusten duzue? 

Behar izanez gero, ez genuke zalantza izpirik izango. Pozik egingo dugu. Esan beharra dago, gure Udalean kolore guztietako alderdiak izan arren, ulertu dugula hondakinek ez dutela kolorerik, denon arazo direla eta denon artean konpondu behar dugula, bai udal ordezkarion eta bai herritarron artean. Nahiago genuke Usurbilen egin den parte hartze prozesua, adibidez, inposatu nahi diguten errauste planta toxikoarekin ere egingo balute, gure osasuna arriskuan jarri nahi duten agintariek horrelako prozesuak bultzatuko balituzte.

Guk Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu demokraziaren funtsa errespetatzeko, herritarrak agente aktibo behar duela izan proiektuen hasiera-hasieratik, eta ez soilik, kasurik onenean, amaieran botoa emateko eskubidea izan. Horrelako gai serioak, eztaibada sozial handia sortzen duten gaiak, herritarren oniritzia jaso behar dute zilegi izateko. Eta herritarren ordezkaritzaren gehiengoa dutela esaten badute, ez dute zertan beldurrik izan erreferenduma egiteko. Gipuzkoarrok helduak gara, badakigu zer nahi dugun eta zer ez, inork ez du gure seme-alaben osasuna kolokan jarriko duen errauste planta eraikitzeko eskubidea herritarren gehiengoaren babesik gabe.Oihana LLORENTE

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo