Trikiti zaleek festa beroaz gozatu dute Victoria Eugenia antzokian
Euskal Herriko trikiti zaleek kolore gorriz markatuta izaten dute Nazioarteko Trikitixa Jaialdia egokitzen den eguna. Atzo, hutsik egin gabe, Donostiako Victoria Eugenia antzokian bildu ziren hainbat herrialdetatik iritsitako musikarien saioaz gozatzera. Soinu txikiak garai berrietara egokitzeko daukan gaitasuna inoiz baino argiago ikusi zen atzoko festan.
Xole ARAMENDI | DONOSTIA
Akordeoi jotzaileak, trikitilariak, hip-hop dantzariak, breaker-ak... guztiak elkarrekin ikusi eta entzuteko aukera izan zen atzo Nazioarteko Trikitixa Jaialdian. Aurtengo festan garbi ikusi zen teknologia berriek musikari egindako ekarpenek trikitian izan duten isla.
Kultura urbanoak eta tradizioa eskutik joan ziren atzo. Onerako delakoan dago Mikel Markez kantaria. Euskal Herriko Trikitilari Elkarteko kidea, antolakuntza lanetan zebilen atzo. «Nahasketa honek halako bizia ematen dio trikitiari», zioen.
Elkartearen urteroko apustua izaten da Euskal Herrian zein atzerrian soinu diatonikoa jotzen duten musikariak elkartzea. Bi ordu inguru iraun zuen jaian, Victoria Eugenia antzokiaren goxotasunean elkartu ziren Italiatik, Quebecetik eta Estatu frantsesetik etorritako musikariak eta bertakoak. Iñaki Gamendia Laja -Poxpi saxo jotzailearekin batera- izan zen jaialdiko lehen gonbidatua. Soinu jotzailea berritasunari leku egina da bere garaian. Aitzindaria izan zen. «Bera izan zen erritmo kaxa sartu zuen lehena», gogoratu zuen Mikel Markezek. Joan Frances Tisner eta Marc Castanet, Bunpada Sound, Riccardo Tesi, Esne Zopak, Raynald Ouellet eta Herrikojak atera ziren atzetik, giroa gero eta gehiago berotuz. Bezperan Getxon jo zuten guztiek eta gustura zeuden han bizitakos esperientziarekin.
Riccardo Tesi italiarra izan da aurtengo gonbidatuen artean berezienetakoa. Konpositorea, jotzailea, bilatzailea... gertutik ezagutzen du Euskal Herria eta euskal musika, batez ere Kepa Junkerarekin Trasn Europe Diatonique proiektuan parte hartu zuenetik. «Soinu diatonikoa tresna bera da, edonon. Eta ikustekoa da zein modu desberdinean jotzen den herrialde bakoitzean. Kultura da gakoa. Ez da instrumentu zaharra -aurreko mendearen hasierakoa da-; industriak egindako lehen tresna tradizionala da. Ordura arteko tresna guztiak komunitateak berak egin zituen; soinua, ez. Ondorioz, munduko hainbat txokotara iritsi zenean, tokian tokiko musika egiteko teknika desberdinak garatu ziren».
Italian, soinu jotzaileen belaunaldi zaharraren eta berriaren arteko zubi lanak egin zituen Tesik. Rockaren kultura bizi izan zuen gaztetan eta ondoren aukeratu zuen soinua. «Nik sortutako musika egiten dut eta tradizioa, jazza, rocka.. denetarik dago oinarrian -azaldu zion GARAri kontzertua hasi aurretik-. Estiloez gaindi, musikarion nortasuna da gakoa. Askotan, oso gertu sentitzen naiz beste estilo bat lantzen dutenengandik».
Tesi gustura aritu zen oholtza musika gazteekin partekatuz. Esperientzia luzeko musikariak, gazteen lanari adi. Eta alderantziz. Esne Zopak taldekoek arreta berezia jarri diete trikitilari zaharrei proiektu berrian. «Lajak, Etxeberritxok, Epeldek... kontu asko esan dizkigute -argitu zuen Xabier Solano taldekideak-. Trikiti tradizionala galtzen ari da eta gazteei hor dagoela esan nahi izan diegu».
Teknologia berriei leku
Teknologia berriei leku egiten dien taldea da Esne Zopak. Zubiak eraikitzen ari dira. «Dj bat daukagu taldean. Hip-hop estiloan ari direnei erakusten diegu trikitia egin dezaketela eta alderantziz ere bai», esan zuen.
Bunpada Sound taldea ere hizkuntza berrien erakusle da. «Eremu desberdinetan lanean ari zen jendea batu gara proiektu honetan. Baita jatorri desberdinetakoak ere. Maroko eta Angolakoak, tartean. Ea zer aterako aritu gara; polita izan da», zioen Asier Ercillak. Emaitza, «Anitzak hitzak», labetik ateratzear da.
«Soinu handia eta txikia ez dira tresna nagusiak, beste bat gehiago baizik; tres kubatarrarekin edota gitarra espainiarrarekin batera jotzen ditugu, adibidez». Hip-hoperoa eta breaker bat ere agertzen dira agertokian. «Getxon egin genuen saioan, batzuk harrituta geratu ziren», kontatu zuen. Bere esanetan, dena dago asmatuta. Hori horrela, euren ikuspuntua eskaintzen saiatzen dira. «Kolonbiako koplak eta euskaldunak uztartu ditugu, adibidez».