Txapelketa Nagusia 2009
Jai alaia, txapela kentzeko moduko publikoari esker
Datorren abenduaren 13ko finalean txapel bakarra izango da jokoan. Bigarren bat ere egon beharko litzateke saio guztietan erantzun paregabea eman duen publikoarentzako erreserbatuta. Atzoko finalaurrekoan ere, txiki utzi zuten Gernikako Jai Alai pilotalekua.
Ruben PASCUAL
Euskal Herri osoan barrena dabilen errusiar mendia inauguratu zenetik, lagun andana inguratu da egin dituen geldialdi guztietara, maiz jendea atez kanpo geratzeraino. Atzokoan ere, frontoia handia izanagatik, Gernikako Jai Alai pilotalekua lepo bete zen 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako bigarren itzuliko lehen saioa jarraitzeko.
Hasiera batean, hitzordua 17.30ean zegoen jarrita. Baina Euskal Herriko bazter guztietatik hurbildutako lagunak askoz arinago inguratu ziren Jai Alai frontoira. Aldez aurretik Internetez sarrera lortzerik izan ez zutenak izan ziren heltzen goiztiarrenak. Aipatu beharra dago, aurreko saioekin jazo zen bezala, entzule gehienek aldez aurretik erosita zituztela sarrerak. Frontoiak 1.900 lagun ingururentzako lekua du eta 600 bat jarri ziren leihatilan salgai. Oso aulki gutxi gelditu ziren bete gabe.
Ordulariaren orratzek aurrera egin ahala joan zen luzatzen pilotalekuaren aurrealdean eratutako ilara. Orduantxe hasi ziren lehen eztabaidak: nork irabaziko ote du gaurko saioa? Nork txapelketa? Nortzuk izango dira finalistak?...
Normala den gisa, nork bere faboritoa zuen buruan atzoko saiorako -edo kamisetan, Jone Uriaren zaleek bezalaxe-. Hori bai, inor ez zen ausartzen ezer ziurtzat jotzera...
«Egia esan... ez dakit. Igor Elortzak irabaziko du beharbada; saio ona egingo du», esan zigun Jabier foruarrak. BECeko finalean izateko aukera dutenen inguruan galdetuta, aurreikuspenak egitea oso zaila dela aitortu zigun duda-mudatan. «Gazteak ez ditut oso ondo ezagutzen, baina Miren Amuriza eta Jone Uria bizkaitarrak oso ondo ari dira eta baliteke finalera heltzea».
Jabierren uste berekoak asko ziren atzokoan Gernikan. «Niri, pertsonalki, saioa Miren Amurizak irabaztea gustatuko litzaidake. Gazteek aurrera egitea derrigorrezkoa da. Izan ere, horrek bai bertsolaritza bai txapelketa bera indartzen ditu», nabarmendu ziguten Nora eta Aida bilbotarrek.
Ane galdakoztarrarentzat ere, Miren Amuriza 19 urteko gaztea zen faboritoa, «daukan adinerako oso ondo ari delako». «Niri Maialen Lujanbio ekartzen dit gogora, oso gaztetatik maila oso ona ematen hasi zelako», azpimarratu zuen.
«Dena du irabazteko»
Zornotzatik gerturatutako beste bi gaztek ere berriztarra jotzen zuten faborito atzoko egunean. «Galtzeko ez dauka ezer eta irabazteko dena», aipatu zigun bietako batek. Hala ere, zornotzarren ustez, Andoni Egaña zarauztarrak jantziko du txapela beste behin ere, seigarrenez.
Nabarmentzekoa da gurekin hizketan aritu zirenetatik gehienek gazteak jotzen zituztela faborito. Ez hori bakarrik, hainbatek aurreko finalean izan ziren bertsolarietako batzuei BECeko finaleko lekua kenduko dietela esan ziguten ziurtasun osoz.
Bertsolariak taularatu baino lehen Jai Alai pilotalekuak itxura aparta zuen: jendea barrez, txaloka, pankarta ugari bertsolariei animoak ematen...
Sei lehiakideek eskaileratan behera taularako bidea egiten zuten neurrian, gero eta ozenago entzuten ziren txalo zaparradak. «Honelako harrerarekin aurkezlea ere emozionatu egiten da» Bernardo Mandalunizen hitzekin eman zitzaion hasiera saioari.