GARA > Idatzia > Kirolak> Atletismoa

Laudioko Nazioarteko Krosa

Azken gorabeherek ez dute Laudioko kartela aldrebestu

Arabako lasterketa Euskal Herrian egiten diren lau kros garrantzitsuenen artean lehenengoa da. Ostean etorriko dira Zornotza, Elgoibar eta Donostiako probak.

p054_f02_97x96.jpg

GARA | GASTEIZ

Orain artean azaroaren azken asteburuan izan baldin bada ere, aurtengoan aurreratu egin dute Laudioko Nazioarteko Krosa eta gaur bertan izango da. Hainbat berritasun ekarri ditu 26. edizioak, eta ez bakarrik parte hartzaileei dagokienez. Data aldatzeaz gain, hitzordu honetarako propio egokitu den pista berritua ere gaur aurkeztuko da.

Azken orduko ezustekoek ez dituzte lo harrapatu antolatzaileak. Atzo bertan jakin zen Joseph Ebuya, 2007ko edizioa irabazi zuen kenyarra, eta Alessandra Aguilar, aurten bertan Hanburgoko maratoia irabazi duen galiziarra, ez direla Laudion egongo. Dena den, adi ibili eta arintasunez mugitu dira antolatzaileak bi atleta handi horien bajek eragindako kezkak ezabatzeko. Izan ere, azken orduan Boniface Kiprop atleta ugandar ezagunaren eta Jacqueline Martinen parte hartzea itxi dute.

Laudioko krosa irabazteko faborito bezala agertzen diren izenen zerrenda benetan luzea da. Guztien gainetik, kiniela denen buruan, bi kenyar ageri zaizkigu: Leonard Komon 2008ko kroseko munduko txapeldunordea, eta Linet Masai 10.000 metroko munduko txapelduna. Ingurukoek, baina, ez dizkiete erraztasun handiak emango. Hantxe izango dira, esaterako, Alemayehu Bezabeth eta Rosa Morato espainiar Estatuko egungo kros txapeldunak.

Gizonezkoen artean, Hunegnaw Mesfin etiopiarraren eta Mustafa Moham suediar pasaportea duen somaliarraren parte hartzea ere nabarmendu behar dira. Emakumeen artean, berriz, Ines Monteiro portugaldarra eta Milcah Cheywa kenyarra hartu beharko dira kontuan besteak beste.

Profesionalen aurretik

Profesionalen arteko dema 12.40ean hasiko da emakumeen kasuan, eta 13.15ean gizonezkoetan. Baina, horren aurretik ere, Laudion batutako gazteek euren artean lehian aritzeko aukera izango dute urtero lez; aurten ere, hainbat naziotako gazteak bilduko dira. Goizeko 10etan, beteranoen txanda izango da, baita jubenilen lehen probarena ere, gizonezkoena zehazki. Ondotik, 10.25etik 11.00etara, alebinak eta infantilak izango dira. Kadeteak izango dira hurrenak. Ostean, emakumeen lasterketa bat izango da, jubenilena hain zuzen ere. 12.00etan txikienen txanda izango da: benjaminena. Eta plater garrantzitsuenaren aperitibo bezala, 12.10ean, junior lasterketa bat, gizonena, egingo da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo