GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Txapelketa Nagusia 2009

Kartzelako hutsek ekarri zuten zigorra Gernikan

Akatsak garesti ordaintzen direla argi utzi du beste behin ere Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Atzo Gernikan ospatutako finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen saioan kartzelako lanean huts egin zuten gehienek. Sustrai Colina izan zen azken lanari goian eutsi zion bakarra eta lehenengo postua eskuratu zuen.

p008_f01.jpg

Ane ARRUTI

Binaka baino, bakarka erosoago aritu ohi dira bertsolariak kantuan, ondokoari erantzun edo atakeari eutsi beharrik gabe. Atzokoan, ordea, bakarkako lanean etorri ziren akatsik nabarmenenak. Kartzelako lanean Sustrai Colina izan zen puntu gehien atera (133) eta ordura arteko mailari eutsi zion bakarra. Miren Amuriza eta Igor Elortzari poto banak egin zien ihes. Jon Martinek asko arriskatu zuen eta ez zitzaion ongi atera.

«300 eurorekin atera zara etxetik eta ezer gabe itzuli zara berriz», horixe izan zen hiru bertso osatzeko gaia. Colinak neskei tragoak atera eta atera gastatu zuen. «Sentitzen nuen nintzela gaba hontako nagusi/ trago denak nere kontu nere propina ta guzti/ baina neska bat ezin da lau tragorekin erosi», bukatu zuen bigarren bertsoa. Beñat Gaztelumendik berehala kokatu zuen bere burua frontoian: «Teniseko pilota hok gora eta behera dabiltz/ artekariek azpitik so egiten dute irriz», hasi zen. «Galdu nuen bizi hontan inporta zitzaidan dana/ eta trukean zer izan da irabazi dudana», bukatu zuen bigarrena.

Ordura arte ederki aritu zen Elortza baina ez zuen asmatu kartzelan. «Denei ordaindu tabernan sartu/ zerbeza batzuk gustora hartu/ ta esango dut mekauen/ ederto merezi nuen», bukatu zuen guztiak gonbidatuz.

Amurizak bide polita ireki zuen, erropak erosi eta erosi, hezurretan egon eta inola ere polit ikusten ez zen neska gaztearen ahotik. «Diru gabe nago beraz/ arropa pilo bategaz/ egia esan txanpon guztiak ihesean joan jataz/ janzten dodana janzten dodala hoin itsusi ikusten naz».

Jon Martinek saiakera berezi bat egin zuen. «Habanera» doinua erabiliz, oinak lekuz aldatuz eta bukaerak txandatuz. Ez zuen, ordea, bertso guztietan egitura bera errespetatu eta arriskuak hori dauka, beti ez dela ongi irteten.

Lan berriak

Atzokoan ariketa berriak estreinatu zituzten txapelketan. Zortziko handian hasi ziren bertsolariak eta lan honetan Amuriza eta Gaztelumendik osatu zuten bertsoaldi borobilena. Oinarrizko kanpamendutik goian dauden mendizaleei jaisteko agindua eman arren hauek gorantza doazela ikusi dute. «Elurra oraindik xuria dago baina asko belztu daiteke», esan zuen Amurizak. «Elurra beltza bihur liteke ez da ederra jakina/ baina askozaz txarragoa da guk ezer egin ezina» erantzun zuen Gaztelumendik, eta «pertsonak bere ametserantza beti nahi dulako segi/ pixkat gorago pixkat gorago ta azkenean goregi» errematatu zuen.

Zortziko txikian, berriz, Elortza puenting irakaslea Martin agurearekin aritu zen. Azken honek, Gaztelumendiren aholkuak jarraitu zituen: «Bere irakaspenak nahi nituzke segi/ behera ta behera joan baina ez beheregi». Igorrek argi utzi zion: «Diozu beherakoa atsegin zaizula/ baina nik uste gora joan nahi duzula».

Hamarreko txikia izan zen atzokoan beste lan berrietako bat. Sustrai eta Beñat politikari erretiratuak ziren baina bigarrenak hitzaldiak eman eta eman jarraitzen zuen. Colinak bidea zeharo markatuta utzi zion Beñati: «Ene Josu Jon lagun halakoren baten/ jubilatzea ez da errexa izaten/ (...)/ ez duzu inoiz jakin ixilik egoten». Gaztelumendik bere abilezia erakutsi zuen erantzunean: «Ni lehen Jaurlaritzan gaur Petronorren nago/ baina gaur agintzen det lehen baino gehiago».

Lauko handian, koplatan ere aritu behar izan zuten atzo eta ariketa honek sortu zituen bertsozaleen artean barre algara gehien. Gaiek ere lagundu zuten. Ajuria Eneako bi sukaldari izan ziren Amuriza eta Elortza: «Bai Patxi bada baina andrea ere hor ibiltzen da jo ta su/ super señora hemen dator ta zeuk aguantatu ezazu», Igorrek. «Super señorak exijitzen du super señor-ak adina/ hiru lau pastel gosaldu eta eskatzen du sakarina».

Beñat eta Jon aerobik ikastaro batera apuntatu ziren. «Mugitzen gera batzutan azkar eta bestetan astiro/ tanga ipurdian sartzen zait baina mugitzen naizen aldiro», Martinek. «Tanga ez dezu hain arraroa nik beste bat det galdera/ bakeroekin nola zatoz zu aerobikeko klasera». Jone eta Sustraik, aldiz, ezetz apusturik egin egina zuten apustu. «Nik apustua egingo nuke gaurkoan ziur horrela/ 22ra iristen lehenak irabaziko duela», Uriak. Horrek apustu itxura zeukan eta entzun dizut sutsu/ apustua egin duzu eta apustua galdu duzu», Colinak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo