Txapelketa Nagusia 2009
Konkrezioak ateak itxi edo ireki ditzake
Hamarreko txikiko saioan, Sustrai Colinak bere papera eta Beñat Gaztelumendirena zehaztu zituen. Biak. Paperak zehaztea ez da txarra, baina funtzio batekin egin behar da
Agin REZOLA Bertsolaria eta Info7 irratiko esataria
Bertsolariak gai jartzaileak jarritako gaiari, arrazoiez gain, datuak gehitzen dizkio elkarrizketak aurrera egin ahala. Gehienetan norbere pertsonaiari gehitzen dizkio datu horiek, zenbaitetan egoerari eta batzutan aldameneko lagunaren pertsonaiari. Bertsokidearen papera zein den zehazteari buruz hitz egin nahi dut. Atzo, hamarreko txikiko saioan, Sustrai Colinak bere papera eta Beñat Gaztelumendirena zehaztu zituen. Biak. Gaiaren arabera, erretiratutako lehen lerroko bi politikari ziren Sustrai eta Beñat, Beñat hitzaldiak emanez jarraitzen zuena eta Sustrai, berriz, mundu horretatik aldendua. Beñatek, bere lehen bertsoan, ez zuen ezer zehaztu, baina Sustraik kantatzen zuen ondoren, eta urruñarrak Josu Jon Imazen paperean jarri zuen Beñat. Añorgarrak ederki erantzun zion, esanez, orain, Petronorren, lehen baino gehiago agintzen zuela eta Colinak, ondoren, bere burua ezker abertzaleko politikari baten azalean jarri zuen.
Biek, bai Beñatek bai Sustraik, aitortu zuten konkrezio horiek salbatu zutela ofizioa, baina ondo pentsatu beharrekoa da konkretatu edo ez, batez ere, ofizio osoa baldintzatzen duelako. Paperak zehaztea ez da txarra, baina funtzio batekin egin behar da. Eta atzo izan zuen. Kantukideari bera nor den esateak ateak itxi diezazkioke, berak nahi duenetik kantatzeko aukera muga diezaiokeelako, baina baita ireki ere, atzo gertatu zen moduan. Sarri esaten da, gaia zehaztuta, entzuleari hurbilago egiten zaiola, baina aldamenekoari ezin zaio aterik itxi gaia entzuleari hurbilago egiteko helburuarekin bakarrik. Edo niri behintzat, prezio altuegia iruditzen zait hori. Dena den, hori gertatzen denean, kontutan hartu behar da bertsolaria bat-batean ari dela eta konturatu gabe egin dezakeela hori.
Atzo ongi irten zen eta horretan zerikusi handia izan zuen Gaztelumendiren erantzuteko gaitasunak ere, ez zen guztia Sustrairen meritua izan. Bi bider estutu zuen Sustraik eta gaia bere alde jarri zuen, baina ofizio osoari aportatuko zion asmoarekin, eta asmatu egin zuen. Hori izan da atzo Gernikan izan ziren 1.800 iritzietako bat.