GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

«Zerbait egingo zuen...»

Asteak ez, eskuko hatzekin kontatzerik ez dauden hilabeteak pasa dira ordutik, eta oraindik ere gogoan daukat ilunar hartan albistearen berri izan eta gorputzean sentitutako zirrara. Asteartea zen eta egun bete igaro zen paraje ezkutuetan intentzioz ezkutatutako gorpua topatu zutenetik. Uzkurtu egin zitzaidan urdaila.

Orduak igaro eta gertatutakoaren xehetasunak izan ahala, gero eta hotzago eta gogorrago. Neska hark bizitako infernura zihoakidan burua, bere lagun eta senideak pasatzen ari ziren trantzera; baina haratago ere joan zitzaidan gogoa eta gertatutakoak hesiak eraisten ari ziren emakume asko berriz ere hesituko zituela ulertu nuen. Aske sentitu eta bizitzeak arriskua zekarrela, hura gertaera hark nahigabean ere eskaini zuen mezua.

Orduan pentsatutakoa argiro berretsi dute orain, inolako erreparorik gabe; pertsona bat defenditu nahi eta beste asko defentsarik gabe utzi, horixe justiziaren injustizia. Jose Diego Yllanesi jarri dioten kartzela zigorraren inguruan sortu dira gorabeherak, halako ala bestelako egoztean, bidezkoa deritzot horri ere, baina horretan baino, uste dut isilean, ia oharkabean, zabaltzen diren mezu garratzetan jarri beharra dagoela atentzioa. Indar handia jarri du zenbaitek, apropos eta ez intentziorik onenarekin gainera, nire ustez, goiz hartan Nagore Laffage gazteak hiltzaileari belarrira esan omen zionarekin. Tamalez, inork ezin du jakin ziur, baina badaezpada bota. Salatzearekin mehatxu egin ziola ere erabili da argudio gisa eta herritarrek osatutako epaimahaiak hala onartu zuen gainera...

Epaiketak iraun duen bitartean hiltzailearen aurpegia zuritzeko biktimarena belzten ari ziren sentsazioa izan dut; bai, eta hain atzerakoi eta gainditua zirudien eta hesietan hesi iruditzen zaidan «zerbait egingo zuen» hura berritu dute. Mingarria seguru aski Nagoreren inguruarentzat eta hausnarketarako arrazoia berriz guztiontzat. Aspaldiko mamuak hor daude, ezkutuan, lotsatuta agian, baina hor. Eta sakoneko horiek gainditzen ez diren bitartean, alferrik, gainazalekoak txukuntzeko bihar beste behin ere plazaratuko diren asmoak eta hitz politak, alfer-alferrik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo