Zaloa Ibeas de la Cruz LABeko Emakume Arloko arduraduna
Lantokietatik ere, emakumeenganako indarkeriaren aurka
Lantoki guztietan sexu jazarpenaren aurkako protokoloak izan behar dira, hezkuntza alorrean ikastetxe guztiek salbuespenik gabe hezkidetza planak landu eta gauzatu behar dituzte eta administrazio erakundeek berdintasun politikak aplikatu eta garatu behar dituzte
Aurtengo azaroaren 25eko testuinguruaren ezaugarririk garrantzitsuena, Euskal Herrian ez ezik munduan ere, sistema kapitalistaren krisialdia da; krisia, haren ondorioak eta, noski, berorrekin zerikusia duten zenbait faktore ere bai. Honi buruz bi gogoeta eragin nahi ditugu.
Batetik, ikus daiteke oraindik zaila dela askorentzat krisialdi honek emakume langileen egoeran eragiten dituen kalteei antzematea. Estatistikek agertzen dituzten datuek soslai androzentrikoa dute eta sistematikoki baztertzen dituzte emakumezkoen errealitate diskriminatua agerian utz dezaketen azterketak. Krisia baino lehen, emakumeena zen baldintza prekarioak dituztenen multzoan talderik prekarioena; hori zen emakumezkoen lan egoeraren elementu nagusia. Egun, krisian murgilduta, prekarietatea larriagotu egin da eta sistemak aurreikuspen gutxiago eta okerragoak eskaintzen ditu.
Bestetik, zaila da ikusezin egiten den bazterkeria soziolaborala antzematea, eta zer esanik ez, are zailagoa oraindik, aipatutakoak indarkeria sexistarekin duen lotura aurkitzea. Ez dago emakumeenganako indarkeriari buruzko diagnostiko integralik, eremu guztiei heltzen dienik. Etxea, kalea, hezkuntza, lana eta aisialdia elkarrekiko loturarik gabe agertzen dira diagnostikoetan, elkarren artean duten harremana behar bezala aintzat hartu gabe. Datu zehatzen faltan, pentsatzekoa da krisi egoera honetan indarkeria sexista gainditze bidean, aurrera egin beharrean, atzera egiteko arrisku larria dagoela. Eredu kapitalista patriarkala salbatzeko ahaleginetan ari diren honetan emakumeen askapen borrokan bai norbanakoak bai kolektiboak talka egiten du guztiz erroturik dauden balio matxista menderatzaileekin. Krisia ez da soilik ekonomikoa, jendarte eredua da aldatu behar duguna eta kostu handiz aldatzen ari garena.
Emakumeok jendarte esparru guztietan jarduteko erabakia hartua dugu, jendarte espazio guztiak betetzeko eta bizitzeko. Erabaki hori gauzatzea, baina, arazo eta eraso bilakatzen da bestelako «balioak» sustatzen dituen sisteman. Zertaz ari gara? Besteak beste:
1. Etxean bizikideekin harreman askeak eta errespetuzkoak izateaz. Berdintasunean oinarrituak bai arduren partekatzean bai erabakietan parte hartzean.
2. Kalean askatasun osoz bizi nahi dugu, ez arrisku eremu gisa. Askatasun osoz harreman eremu sozial zabal moduan eta gure harreman orotan gure gorputzaren jabe izanik.
3. Lantokietan aukera eta baldintza berdintasunean jardun nahi dugu, inolako diskriminaziorik gabe. Kalitatezko enplegu duina izateko eskubidea dugu eta sexu jazarpenaren kontrako protokoloak izan behar du jazarpena gertatuko ez den berme-tresnarik eraginkorrena.
4. Hezkuntzan premiazkoa da hezkidetza politiken bidez balio sexistak deuseztatu eta berriak eraikitzea, hau da, emakume eta gizonen arteko harreman berdintzaileak bultzatzea, parekidetasunean eta errespetuan oinarrituak.
5. Administrazioek berdintasun politika eraginkorrak abiatzea eta gauzatzea beharrezkoa dugu eta ez egun nagusi diren politika birtual edo irudizkoak. Emakumeok errealitatea aldatzeko eraginkortasuna aldarrikatzen dugu, antzutasuna baino eskaintzen ez diguten legeen aurrean.
Aipatutako guztiaz gain, badago azaroaren 25 hau markatuko duen beste faktore bat, larria eta ankerra oso, baina neurri handi batean emakumeenganako indarkeria ezabatzeko aurrean dugun erronkaren tamaina azalarazten diguna: Nagore Laffageren erailketaren inguruan gertatukoaz ari gara. Kasu honek izan duen oihartzun mediatiko handiak balio izan du begi-bistan uzteko emakumeen aurka egiten den indarkeria antzemateko arazo larriak daudela, eta erabili ohi diren terminoek eta kontzeptuek indarkeria mota hau argitzeko baino, estali eta nahasmena areagotzeko balio dutela. Eraso gehienetan gertatzen den bezala biktimari buruz zalantzak azaltzen diren bitartean, erasotzailea biktima bilakatzeko aitzakiak biltzen dira, nahiz eta hiltzailea izan.
Aurtengo azaroaren 25ean LABek gehiengo sindikalarekin elkarlanean emakumeenganako indarkeriaren aurka borrokatzeko konpromisoa zabaldu nahi du Euskal Herriko lantoki guztietan eta, oro har, euskal jendartean. Jarrera aktiboa adierazi behar dugu, eraso guztiei erantzuteak duen garrantzia nabarmentzeko eta konplizitateari zirrikiturik ez uzteko. Zentzu horretan, lantoki guztietan sexu jazarpenaren aurkako protokoloak izan behar dira, hezkuntza alorrean ikastetxe guztiek salbuespenik gabe hezkidetza planak landu eta gauzatu behar dituzte eta administrazio erakundeek berdintasun politikak aplikatu eta garatu behar dituzte, eta neurrien eraginkortasuna maiztasun handiz ebaluatu ere bai.
Hau guztia aldarrikatzeko azaroaren 25ean, 12.00etan, elkarretaratzeak egingo ditugu hiriburuetan gehiengo sindikalak deituta. Era berean, mugimendu feministak arratsalderako antolatutako manifestazioetan parte hartzeko deia ere egiteko dugu LAB sindikatutik.