GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Liburuaren Gaua hartuko du bihar Victoria Eugenia antzokiak

p041_f01_88x88.jpg

GARA | DONOSTIA

Euskal liburugintzaren sektoreko elkarteak bultzatuta, Euskal Liburuaren Gaua ospatuko da bihar. Elkarte ezberdinak biltzea helburua duen ospakizun honek, bestalde, ibilbide zehatz bat aitortu nahi duen Dabilen Elea saria Joan Mari Torrealdairi emango dio. Iluntzeko zortzietan izango da ekitaldia Donostiako Victoria Eugeniako Club aretoan.

Atzo, egitasmoa ezagutarazteko egin zen prentsaurrekoan, Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) presidente Fito Rodriguezek egitasmo honen abiapuntua azaldu zuen. Hasieran, Euskal Editoreen Elkarteak izan zuen Euskal Liburuaren Gaua ospatzearen ideia, eta, atzetik, EIE, EIZIE eta Galtzagorri elkarteak gehitu ziren. «Etorkizunean, festa honen inguruan euskal liburugintzako sektore guztiak biltzea espero dugu, horrela lortuko baitugu euskal liburugintza bera omentzea», gaineratu zuen.

Euskal gizarte osoa

Bestalde, Jorge Gimenezek, EEEko lehendakariak, gau honen balio erantsia «euskal liburugintzako elkarte guztiak, agente guztiak biltzean» datzala esan zuen. Nori zuzenduta dagoen ere azaldu zuen atzokoan Gimenezek: «Sektore honetan lan egiten duten guztiak, eta, oro har, euskal gizarte osoa. Euskal kulturaren euskarri irmo bat da euskal liburugintza, eta horri errepara diezaion dei egiten diogu gizarteari. Liburugintzaren benetako irudia erakutsi nahi dugu, sektore dinamikoa dela eta proiektuz beterik bizi den sektorea dela geurea».

Bestalde, euskal literaturaren kalitatea ere ospatu beharrekoa dela aipatu zuen Rodriguezek, «merkatu baten pean ibili behar ezak abantaila dakar azkenean, kalitatezko literatura».

Aldarrikapenak

Horrelako hitzordu batean aldarrikapenek ere beren lekua behar dute eta biharko gauak hiru ardatz nagusi izango zituela iragarri zuten. Lehenik eta behin, Bakartxo Arrizabalaga EIZIEko presidenteak itzultzaileek beren lekua aldarrikatu nahi dutela aipatu zuen, «euskal literatura munduratzeko gure beharra baitu liburugintzak, eta alderantziz, atzerriko literatura gureratzeko ere bai». Bigarren ardatz gisa, irakurzaletasuna sustatzeko zereginean gurasoek, irakasleek eta liburuzainek duten garrantzia nabarmendu zuten. Hori dela eta, horiei guztiei ospakizunera etortzeko gonbita egin zieten. Azkenik, Etxepare Euskal Institutuaren sortzea zein unetan dagoen galdetu zuten; «Institutu hau katalanen Ramon Llull Institutuaren parekoa izan baitaiteke, euskal literatura mundura dezakeen Institutua, alegia», nabarmendu zuen Fito Rodriguezek.

Azkenik, ospakizun kutsua duen ekitaldi honetan, omenaldietarako lekua ere izango da. Dabilen Elea saria banatzen da Euskal Liburuaren Gauean. Garaikur honen esanahia euskal liburugintzaren alorrean ibilbide jakin baten lana aitortzea da. Aurtengoan, Joan Mari Torrealdaik jasoko du saria, bere ibilbide osoan egindako lanagatik. Antton Olariaga iazko saridunaren eskutik jasoko du saria Torrealdaik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo