GARA > Idatzia > Mundua

Somaliako beste hiri bat bereganatu dute Al-Shabab miliziako kideek

Somaliatik heltzen diren berriek Afrikako herrialdean borroka etengabea dela berresten dute. Atzo Al-Shabab milizia islamistak beste hiri bat, Afmadow, okupatu zuen. Eta Muqdishon bertan hamasei zibil hil ziren Gobernuaren eta beste milizia islamista baten arteko liskarrean.

GARA

Gutxienez 16 zibil hil ziren eta 20 zauritu igande gauean eta atzo goizaldean artilleria erabilita Muqdishon izandako liskarretan. Bitartean, Al-Shabab milizia islamistak Somaliako beste hiri bat, Afmadow, bereganatzea lortu du, laguntza-zerbitzuek jakitera eman zutenez.

Muqdishon izandako borroka Hizb al-Islam talde islamistak Xarif Xeikh Ahmed presidentearen soldaduen eta Afrikako Batasunak Somalian dituen tropen (Amisom) aurka egin zuenean hasi zen.

Hizb al-Islam taldeko eledun Xeikh Abdi Azizek kazetariei esan zienez, Amisomen tropen aurka egin zuten «inbaditzaileak direlako». Hiria eta Muqdi-shoko aireportua lotzen dituen errepidean gertatu zen Amisomen aurkako erasoa eta Sayidkako bidean Xeikh Ahmeden tropen kontrakoa.

Abid Azizen arabera, erasoan Amisomeko «soldadu batzuk» hil zituzten. Horiek Xeikh Ahmeden behin-behineko Gobernua sostengatzen dute. Erasoetan Gobernuaren tropen ibilgailuak ere suntsitu zituztela nabarmendu zuen matxino islamistak.

Bestalde, Gobernuko indar armatuen eledun Xeikh Abdirasaq Qeykowek erasoak izan izan zirela onartu zuen, baina horietan hildakoak izan zirela ukatu zuen. Erasoari erantzun eta «lezio ederra eman» zietela gaineratu zuen.

«Zauritutako soldadu batzuk ditugu, baina dozenaka miliziano akabatu dugu. Hauen gorpuak oraindik frontean daude», nabarmendu zuen Abdirasaq Qeykowek.

Horrez gain, Al-Xabab taldeko borrokalariek -Somaliako miliziarik handiena eta herrialdearen erdialde eta hegoaldearen gehiengoa kontrolatzen duena- Afmadow hiria, Kismaayo portutik gertu dagoena, okupatu zuten.

Bertako Al-Shababeko eledun batek emandako informazioaren arabera, talde honetako gizon armatuek ordura arte Hizb al-Islamem kontrolpean zegoen hiria okupatu zuten eta talde honetako hamabi kide hil zituzten.

Duela bi hilabetera arte Al-Shabab-ek eta Hezb al-Islam-ek elkarrekin borroka egiten zuten, baina Kismaayo portua kontrolatu nahian elkarren artean liskarretan hasi ziren. Portuaren kontrola elkarren artean txandakatzea adostu zuten, baina Al-Shababek Kismaayo Hezb al-Islami tokatzen zitzaionean ez zion utzi.

Azken sei hilabeteotan 3.000 lagun -gehienak zibilak- hil dira talde islamisten eta Gobernua eta Amisomem arteko borroketan eta ehunka mila pertsonak Muqdisho hiriburua utzi behar izan dute.

ihesean

Somaliako hegoaldean lan egiten duten Munduko Elikadura Programako eta World Vision taldeko hamabi langilek herrialdea utzi dute atzerritarren segurtasunak okerrera egin duelakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo