GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Irujok eta Gonzalezek Donostian jokatuko dute finala

«Babeslekuan» harrapatu zuen Gonzalez bere lehen final handiak

Gonzalezi bere kirol ibilbideko berri pozgarriena eraman zion lagun batek igande arratsaldeko zazpi eta erdiak inguruan, gainerako lagunekin mundutik aldentzeko erabili zuten babeslekura. Urduriegi jarriko zela-eta, Azkaingoak ez zuen igandeko partida zuzenean jarraitu nahi izan eta lagun honen ahotik jakin zuen, hamaika urteren ondoren, hainbestetan amestutakoa egia bilakatu dela, final handi bat jokatuko duela hain zuzen.

p004_f02_21241.jpg

Jon ORMAZABAL

Gezurra dirudien arren, pilotalekuetatik aparte zela jakin zuen Sebastien Gonzalezek 1998. urteko abenduaren 4an profesional gisa debuta egin zuenetik bilatu izan duen ametsa egia bihurtu zela. 643 partida jokatu ostean, lehen mailako lehen finalean jokatzeko moduan izango da Azkaingoa, baina Titinek eta Martinez de Irujok jokatu beharreko partida Astelenan bertan edo telebista aurrean ikusteak sortuko zion urduritasuna saihesteko -berak jokatuko balu baino askoz okerrago pasatuko zuen beldur zen- Lapurdiko leku ezkutu eta kuttun batean babestu zen lagunekin, Eibarren gertatzen zenaren inguruko berririk izan gabe.

«Igande arrunt bat bezalakoa izan zen, baina lagun koadrilarekin toki lasai batera joan nintzela, mugikorra etxean utzita eta deus gabe eta han izan ginen ordua heldu zen arte», azaldu zion atzo arratsaldean askoz lasaiago GARAri lapurtarrak.

Arratsaldeko lehen orduan beraiekin joaterik izan ez zuen lagun batek eraman zien «babeslekura» Martinez de Irujoren garaipen handiaren berri eta ordura arteko ezinegon guztia poz bilakatu zen, ia hamaika urte eta gero, Gonzalezek lehen mailako final bat jokatuko baitu hurrengo abenduaren 8an. Partidak berak nahi zuen emaitzetako bat izan zuela jakinda, orduan bai, etxera itzuli eta bideoan ikusi ahal izan zuen Martinez de Irujoren erakustaldia, patxada ederrean.

Bere hitzetan, zamatik pisu handi bat kendu izanaren sentipenak hartu zuen une horretan Aspeko pilotaria, bai besteen esku zegoen lorpen bat eskuratzeagatik, baina batez ere, «azkenean» final handi bateko protagonista izatea lortzeagatik. Une horretako erreakzioaz galdetuta, honakoa azaldu zuen finalean Irujoren aurkari izango denak. «Azkenean heldu zela, horixe izan zen lehendabiziko etorri zitzaidana, urte asko izan baitira finalerdietan eta azkenean sartu naiz finalean eta egiatan poztu naiz».

Izan ere, ia debutatu berritan lortu zuen orain arteko bere garaipenik sonatuena. Profesionaletan urtebete eskas zeramala, Bigarren Mailako buruz burukoa irabazi zuen lapurtarrak finalean Imazi 22-15 irabazita. Ordutik aurrera, batez ere azken urteotan, finala gertu izan du Gonzalezek, baina atzo arte, sekula ezin izan du azken uneko langa hori gainditu.

Seigarren ahaleginean

Txapelketa nagusiak kontuan hartzen baditugu, bost aldiz izan da Gonzalez -aurtengo lau eta erdikoa kontuan izan gabe- finalerdietan, baina orain arte finalik jokatu gabe dago. Buruz burukoan hiru aldiz sartu da finalerdietan, baina bere borrerorik handiena izan den Aimar Olaizolaren aurka 2006an eta 2008 galdu egin zuen (22-13) eta (22-15) eta iaz ezin izan zuen Abel Barriola gainditu (22-8). Azken urte horretan bertan, eta Leitzakoa lagun zuela, Titini aurten gertatu zaionaren antzeko zerbait gertatu zitzaion Gonzalezi, finalerdietako ligaxkan bi partida irabazi arren, tanto-kopuruagatik finaletik kanpo geratu baitziren, nahiz eta finalerako eta txapela lortzeko faborito nagusiak izan. Hemen ere Aimar Olaizolak utzi zuen kanpoan, Oier Mendizabalekin txapela eskuratu zuen urtean. 2007an Pascualekin sartu zen lehen aldiz finalerdietan, baina orduko horretan ez zuten ligaxkan partida bakar bat ere irabazi.

Aurten, Julen Retegik Goizuetakoa azkar kanporatu zuela aprobetxatu beharra zegoen, beraz, eta aspaldiko Gonzalezik serioena ikusi dugu, Titinen aurkako Eibarko partidan izan ezik, sekulako txapelketa burutu duena.

Martinez de Irujori eta Julen Retegiri nagusitasunez irabazteaz gain, final-laurdenetan ere sekulako partida egin zuen, partida amaitu aurretik min hartuta lehiaketa utzi behar izan zuen Pablo Berasaluze zerrendaburuaren aurka.

Babeslekuaren inguruan bezala, ez zuen sekretu handirik azaldu nahi izan Gonzalezek eta urte hauetan guztietan pilatutako esperientziari egotzi zion alderdi psikologikoan egindako hobekuntza. «Nik uste dut urteak pasa direla eta beste lasaitasun bat, beste lan egiteko modu bat hartzen duzula denboraren poderioz. Txapelketa batean egin beharreko lana argi izan dudala uste dut, bai teknikoa eta bai denetarikoa; zorte apur bat ere behar da eta, egia esan, hori izan da aurten izan dudana», azaldu zion GARAri Gonzalezek.

Gauzak horrela, finala prestatzeko egindakoa egiten jarraitzeko asmoa du, ezer berezirik egin gabe. Hori bai, asteburu honetan binakako partidaren bat jokatzeko asmoa agertu zuen, Irujok bezala, bi aste hauek luzeegiak egingo zaizkiolako osterantzean.

Zarauzko aurrekaria

Final horri begira gainera, badu itxaropenik izateko aurrekaririk, ligaxkako lehen partidan 22-19 irabazi baitzion finalean aurkari izango duen Martinez de Irujori. Horrek, ordea, ez omen du «ezetarako balio. Ligaxkan puntu bat gehiago izateko balio izan zuen, baina orain finala da, eta behar da irabazi».

Final honen inguruan bada beste kontu deigarri bat ere; izan ere, beren burua kaiolan eroso ikusten ez duten bi pilotarik jokatuko dute. «Beti badira sorpresak. Berez hau kaiola da eta bi pilotari gaude hor indar dezenterekin eta gogorra da guretzat, baina nik uste dut horrelako pilotariak `konpletoak' garela eta modalitate honetan jarduteko aukerak ditugula demostratzeko balio duela».

Igandeko partida amaitu zenetik, Gonzalezen telefonoa sutan izan da eta hurrengo egunetan ere hala izango da ziur asko. Igandean bertan, lapurtarrak zenbatutakoen arabera, 180 dei eta 115 mezu jaso zituen.

Hurbilekoenak hasi dira, antza, abenduaren 8an izango den finalerako sarrerak erosteko zer egin behar duten galdezka, nahiz eta enpresek ez dituzten Ipar Euskal Herriko zaleak kontuan hartu. «Arazoa da abenduaren 8a ez dela jai eguna hemen, baina ziur naiz jende asko etorriko dela». Izan ere, Xalarekin orain urte batzuk gertatu bezala, egun handia izango da inguruko zaleentzat.

Saiakerak

Profesionaletan egin dituen hamaika urteetan, bost aldiz jokatu ditu finalerdiak, baina aurtengo lau eta erdikora arte ezin izan du Gonzalezek azken-aurreko langa hau gainditu.

Hoy se pondrán a la venta las entradas para el Atano a 120 euros

La LEP.M oficializó ayer mismo que la final entre Martínez de Irujo y Gonzalez se disputará, como estaba previsto, el día 8 de diciembre en el Atano III donostiarra. Las empresas esperaron hasta conocer la identidad de los finalistas para designar la sede y el hecho de que Titín III se quedara fuera de la misma restó las opciones que tenía al Ogeta gasteiztarra, que de ser un escenario de las finales de la jaula, ha pasado a desaparecer por completo de las carteleras y en este Cuatro y Medio no ha albergado ningún partido de competición, pese a su reciente remodelación. En este sentido, el PNV de la capital arabarra realizó ayer una petición al Ayuntamiento a que hiciera un esfuerzo por acoger el partido, pero para entonces la decisión ya había sido tomada por la LEP.M.

Según dieron a conocer ayer, los encargos para reservar entradas se comenzarán a tomar a partir de las 10 horas de esta mañana en los teléfonos habituales de los taquilleros de Aspe y Asegarce y los precios de éstas oscilarán entre los 120 de las butacas de cancha y los 35 del rebote.J.O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo