Sindikatuek bertan behera utzi dute Nafarroako garraio greba
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek Nafarroako merkantzia garraio sektorean deitutako hiru eguneko greba bertan behera uztea erabaki zuten langileek batzarrean. Sindikatuen arabera, atzo lanuzteak ez zuen jarraipen bera izan toki guztietan.GARA |
Nafarroako merkantzia garraio eta logistika enpresetako langileek atzo egin zuten grebak jarraipen ezberdina izan zuen tokiaren arabera. Sindikatuen esanetan, Iruñealdean izan zuen eragin handiena.
Langileek gaur eta biharko deituta zegoen lanuztea bertan behera uztea erabaki zuten batzarrean, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa gainditzeko epe berri bat irekiz. Hala ere, datozen egunotan mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri zuten eta, enpresek erantzuten ez badute, protestak gogortzeko prest azaldu ziren.
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek ANET sektoreko enpresa elkarteari erantzukizunez jokatzeko eskatu zioten, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa aurrera ateratzeko.
Gainera, dagoeneko sindikatuek adostuak dituzten puntuen aldeko jarrera berretsi zuten. Gutxienezko puntu horien artean iraupen laburreko hitzarmena (bi urtekoa) dago.
Gainera, langileen subrogazioa eskatzen dute, beraien enpresek kontratua galtzekotan, «krisi garai honetan lanpostuak mantentzea premiazkoa delako». Halaber, erosahalmenari eta aurretik egindako borroketan lortutako lan baldintzei eustea nahi dute.
Europako arauei jarraituz, garraio jardueran kilometroko ordainketa bertan behera uztea ere aldarrikatzen dute, eta ordainketa horretan dietak edo gaueko lan orduen ordainketa ez nahastea.
Azkenik, Nafarroako hitzarmenak indarrean jarraituko duela eta Nafarroan lan egiten duten enpresa guztietan ezarriko dela bermatu nahi dute.
Batzarra egin baino lehen, garraio sektoreko langileek CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten; «Legezko negoziazioa»ren aldeko oihuak bota zituzten bertan.
«Negoziatzeko asmorik ez»
Elkarretaratzean Alberto Jurado LABeko ordezkariak esan zuenez, «patronalaren harrokeriak» utzi dien bide bakarra greba izan da. Juradok adierazi zuen langileak ez daudela beraiek sortu ez duten egoera ordaintzeko prest, enpresa asko gaur egungo krisiaren erantzule direla badakite-eta.
«Hasieratik negoziatzeko asmorik ez zuela argi utzi zuen patronalak. Urte osoan lau bilera egin ditugu guk deituta eta ia guk behartuta joan dira, eta hori ez da negoziatzea, probokazioa bilatzea baizik», azaldu zuen LABeko ordezkariak.
Datozen egunotan mobilizazio gehiago egiteko asmoa dutela esan zuen eta, eraginik ez badute, zubia igaro ostean balitekeela protestak gogortzea.
Sindikatuen arabera, atzoko grebak tokiaren arabera jarraipen ezberdina izan zuen eta Iruñealdean izan zuen eraginik handiena. Orain negoziatzeko epe berri bat ireki nahi dute, baina protestak gogortzeko prest azaldu dira.