GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gehiengo sindikala, salaketatik harago

Azaroaren 25a, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna, Euskal Herrian Nagore Laffageren epaiketak sortutako kezka eta sentsibilizazio berezia nabari direla iritsiko da. Biharkoa aldarrikapen eta salaketa eguna da, baina, egun horri garrantzirik kendu gabe -arazo ezin larriago baten ingurura begiradak biltzea ere beharrezkoa baita-, emakumeen kontrako indarkeria ez da egun bateko lana eskatzen duen arazoa. Eta, bihar, denak, alderdi politikoak eta instituzioak barne, emakumeen kontrako indarkeria bukatu beharra aldarrikatzera agertu ko badira ere, horietako askok etzi bandera hori gorde egingo dute urtebete barrura arte. Hala ere, badira hainbat emakume-talde eta bestelako kolektibo borroka hori eguneroko eginkizuna dutenak eta, gaur eta bihar bezala, 26an ere salaketari eta salaketatik harago doan zereginari eutsiko diotenak. Hain zuzen ere, euskal gehiengo sindikalak landu duen agiriak, gaitzespen hutsean ez gelditzeko erabakia agertuta, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko 11 neurri zehatz biltzen ditu. Hezkuntzatik lan munduraino zabaltzen dira: etxeko lanak partekatzea, emakume immigranteen eskubideak bermatzea, lanpostuetan indarkeria matxistaren aurkako protokoloak abiatzea eta enpresetan berdintasun planak egitea dira neurri horietako batzuk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo