Aizkora Euskal Herrikoa
Gazteak hasi dira eman behar duten maila ematen
Olanok irabazi zuen Hirugarren Mailako finala, eta Larretxea izan zen bigarren, finaleko bi gazteenak, alegia. Mugertza II.arekin batera, mailaz igoko dira.
Jon LEUNDA
Arkaitz Olanok irabazi zuen herenegun eguerdian Goizuetan jokatu zen Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala. Bigarren Ohian Larretxea izan zen eta hirugarren Mugertza II.a. Hirurek lortu dute datorren urtean Bigarren Mailan aritzeko txartela.
Bete egin zuten Goizuetako pilotalekua finala ikustera joandakoek. Finalean kanporaketetako sei onenak lehiatu ziren, eta bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen.
Lehia polita eskaini zuten finalistek, eta zaleek ederki pasatu zuten norgehiagoka ikusten. Dudarik gabe, emozioak amaierara arte iraun zuen, eta batez ere bigarren posturako lehian, izan ere, azken enborrean ikusi baitzen zeinek irabaziko zuen, baina ez nor aterako zen bigarren. Amaieran Ohian Larretxeak Ugaitz Mugertzari aurrea hartu zion, nahiz eta bietako inork ezin izan zuen harrapatu Arkaitz Olano leitzarra.
Ezusterik handiena Erdoziak eman zuen. Kanporaketako multzo batean nagusi izan zen, bigarren denborarik onenarekin, eta Lehen Mailan ere ibilitakoa dela kontuan hartuta, bera zen irabazteko faboritoa, baina azken lekuan amaitu zuen, eta bestengandik nahiko aparte, gainera.
Gizon-proba eta txinga
Goizuetan bertan jokatu zen Euskal Herriko Emakumezkoen Txinga Txapelketa, eta Esther Iriartek irabazi zuen. Guztira sei partaide izan ziren lehian, eta marka guztiak onduta lortu zuen txapela irabazleak, lehiaketako marka berria ezarri baitzuen.
sei kirolari aritu ziren lehian, eta bakoitzak 25 kilotako txingak erabili zituen esku bakoitzean, eta helburua ahalik eta plazarik gehien egitea zen.
Amaieran Iriarte izan zen nagusi, eta marka handia ezarrita, 44 plaza egin baitzituen. Txapela lortzeko ez zuen izan inongo eragozpenik, eta bigarrenari 17 plaza atera zizkion. Bere atzetik, Sousa izan zen 27 plaza eta 4,35 metro eginda. Hirugarren, berriz, Artiñano sailkatu zen 22 plaza eta 0,70 metro eginda.
Nabarnizen, berriz, Euskal Herriko Gizon-proba Txapelketa jokatu zen, eta Mikel Altzolak berriro ere txapela jantzi zuen, eta aparteko eragozpenik gabe, gainera. Berak 4 untze eta 4 metro pasa egin zituen, kirol honetan beste guztien gainetik dagoela argi eta garbi utziz.
Bigarren sailkatu zen Juan Carlos Lopez arabarra 3 untze pasarekin. Kirol askotan aritu arren, lan bikaina egin zuen lantegi honetan.
320 kilotan amaitu da Euskal Herriko lauko sokatira lehiaketako lehen fasea, eta bigarrenean ere Abadiñok irabazi zuen, oraingoan B taldeak. Datorren astean jokatuko den finalerako, Abadiñoko bi talde, Barrundia, Ibarra, Sokarri A eta Auzolan sailkatu dira.
Nafarroako zortzikoan, bigarren jardunaldia jokatu da pisu guztietan. 640 kilotan, Amaiur izan da nagusi, eta baita 600 kilotan ere, gizonezkoen bi pisuetan, alegia. Emakumezkoak 500 kilotan neurtzen ari dira, eta hor ere Amaiur izan zen nagusi. Sailkapen nagusian, eta pisu guztietan Baztan aldeko taldeak jarraitzen du lehen postuan. Nesketan, Beti Gazterekin berdinduta. J.L.
Aizkoran gazteak indartsu datozela ikustea berri ona da. Hirugarren Mailako finalean hiru gazteenek lehen hiru postuetan amaitu izana berri pozgarria da, bai behintzat etorkizunari begira.
Esther Iriartek irabazi du Euskal Herriko Emakumezkoen Txinga Txapelketa. Nafarrak orain arteko marka guztiak apurtu ditu gainera. Esku bakoitzean 25 kiloko txingak hartu eta 44 plaza egin zituen.