Finalerako azken sarrerak Belodromoan jarriko dira salgai
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia azken txanpan sartzen ari da. Finalaurrekoetako lehian banatuko zaizkie bertsolariei finalerako azken txartelak. Ikusleek ere izango dute beren aukera; sarrerarik gabe geratu diren zaleek erosteko parada izango dute igandean Belodromoan.GARA | DONOSTIA
Finalera heltzeko azken mugak gainditzen ari da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa eta haietako bat Donostiako Belodromoan finkatutakoa izango da. Hitzordua ezarria da dagoeneko; igandean, arratsaldeko bost eta erdietan. Protagonistak ere bai; Maialen Lujanbio, Jon Maia, Aitor Sarriegi, Uxue Alberdi, Arkaitz Estiballes eta Iñaki Gurrutxaga ariko dira nor baino nor Barakaldoko BECen jokatuko den azken lehiarako txartela lortzeko ahaleginetan.
Atzo Koldo Mitxelenan aurkeztu zen saioa eta, antolatzaileen arabera, «erabakiorra izango da, azken finalaurrekoa izanda, saio amaieran jakingo delako abenduaren 13an, BECen Andoni Egañarekin batera kantatuko duten beste zazpi bertsolariak nortzuk izango diren».
Azken finalaurrekorako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eu web orrialdean, eta egunean bertan Belodromoko leihatilan jarriko dira. Aste amaieran, www.txapelketanagusia.eu webgunean jakitera emango du Bertsozale Elkarteak Belodromoko leihatilak eta ateak zein ordutan zabalduko dituzten.
Finalaurrekoak finalaurreko, txapelketa aurkeztu zenetik hamaika bertsozalek BECeko zitan dute jarria begia. Bertsozale Elkarteak, baina, dagoeneko finalerako sarrera salmenta eten egin du. Internet bidez www.bertsosarrerak.eu eta herrietako salmenta puntuetan zein txapelketako saioetan izan dira orain arte salgai. Geratzen diren apurrak, ordea, igandeko saioan salduko dira. Horretarako, postu berezia atonduko du Bertsozale Elkarteak Belodromo barruan. Horrez gain, Elkarteak orain arteko txapelketaren balorazio laburra egin zuen. Xabino San Sebastian txapelketako arduradunak «bertsozalearen jarrera» eta «erantzun ona» nabarmendu zituen.
www.bertsosarrerak.eu webguneari dagokionez, saioetako sarrera gehienak Internetez saldu direla azpimarratu zuen eta webgunea bera Buber sarieta- rako izendatuta dagoela gogorarazi. Bestetik, www.txapelketanagusia.eu atariak ere bisita ugari jasotzen dituela jakinarazi zuen Bertsozale Elkarteak. Saio amaieratan puntuazioen berehalako informazioak asteburuetako bisitak ugaritzen dituela jakinarazi zuten.