Hurbileko euskara biziaren isla izan nahi duen Maiatzek bost liburu aurkeztu ditu
Idoia ERASO | BAIONA
«Hurbileko euskara bizi horri oihartzun bat ematen saiatzen gara» adierazi zuen Maiatz argitaletxeko Luzien Etxezaharretak. Xede horri loturik aurten ere bost argitalpen berri eskaintzen ditu Ipar Euskal Herriko argitaletxe txiki honek, baina presente ziren idazleek esan zuten bezala, ez da horretarako txikiak direla idatzitako obrak.
Ipar Euskal Herriko euskarazko literaturaren basamortua oasiz betetzen ari da elkarte-argitaletxea.«Maiatz izan ez bazen, ez nituen hainbeste liburu publikatuko», adierazi zuen Marikita Tambourinek «Iraun» liburu berria aurkeztearekin batera. «Euskaldun bezala iraun, emazte bezala iraun eta bereziki bizirik» irautera bultzatzen gaituzten hamabost testu aurkezten ditu idazleak azken liburuan.
Amikuzeko euskara literaturan irautera lagundu nahi duen Mixel Thikopek «Jin bezala» aurkeztu zuen. «Alegrantzia eta tristezia» eskaintzen ditu Amikuzeko bizimoldea eta istorioak fikzioa izango balira bezala aurkezten dituen idatzian. Kontakizun bakoitzari nortasun berezia eman dio Thikoipek.
Pablo Sastrek Bidasoa zeharkatu eta Iparraldera salto egin du hogeita bost urteko literatura ibilbidea egin ondoren «Mendiko lanetatik ateratako esperientzia» zabaltzen duen «Alabaren irudiak» obrarekin. 1960ko hamarkadako Nafarroako herri txiki bateko errealitatetik egungo herri okupatuetara eramaten gaitu.
Mailux Legorbururen «Ahizpa zoin zira» lanak emakumeen mundua du islatzen sei emaztekiren eguneroko biziaren bitartez. Etxezaharretak «liburu hunkigarritzat» jo zuen.
Azkenik, hurrengo Sarako Idazleen Biltzarrean sarituko den Eñaut Etxemendiren «Idazlanen bilduma»ren bigarren zatia aurkeztu zuten.