Itziar Aizpurua Egaña Ezker abertzaleko militantea
Euskal Herriaren etorkizunari 34 musu!
Espainiako Gobernuak, bere esanetara jarri duen judikatura osoaren bidez, gazte independentistei, gure seme-alabei, egindako erasoak gogor kolpatu nau oraingo honetan. Erraietan sentitu dut Euskal Herriaren etsaiak jaurti digun gorrotoa lerde berdez bildua, zenbait narrastik harrapakinen aurrean bezala. Nazkagarriok! Horrekin atzera egingo dugulakoan, ala?
Ez dut denbora alferrik galduko irakurriko ez dituzuen galderak eginez. Ez horixe!
Gaurko nire hitz xume hauek zuengana, guraso eta lagun maiteongana hurbiltzeko asmoz doaz. Zuekin nago, zuekin gaude! Ana, Iñaki eta gainontzeko guraso maitagarriokin, Euskal Herrian beste milaka lagun dauden bezala. Ez zaudete bakarrik istant baten ere. Badakit, gainera, nolako samina jasaten ari zareten, zuen azal eta haragian sufritzea baino handiago dena. Baina esan beharra daukat ere, herri izaeraren harrotasuna barru-barruan sentiarazi didatela Eiharrek bezala hogeita hamahiru gazte horien emankortasun zabalak. Egia esan, ondo nekien, bai, gazte helduak, arduratsuak eta langileak zirela bakoitza bere arloan Euskal Herria eraikitzeko lanetan, beraz, guraso bezala dagokizuen mailan, nire eskerrik beroena honelako seme-alabak prestatzeagatik, hauek izango baitira etorkizun hurbilean Euskal Herria askatasunera eramango duten gizon eta emakumeak.
Burura datozkit adin bera nueneko oroitzapenak: Euskal Herria buruan, bihotzean, eta mihian nuelarik, edozer egiteko prest, arriskurik ikusten ez, beldurra ere ezagutu ez, eta gaineratu behar dut gaurko gazte hauek baino prestakuntza askoz txikiagoarekin nolako garrantzia izan zuen garai hark! Akaso gaurkoak ez?
Gure gurasoek egin zioten aurre Francoren erasoaldiari, eta honek Hego Euskal Herria birrindu nahirik gudari eta herritar andana fusilatu zituen, ezin konta ahala kartzelatu, erail eta atzerriratu. Eta dena irabazia zeukalakoan, hurrengo belaunaldia agertu zitzaion aurrez aurre, geurea hain zuzen, gure aiten eta amen suzia eskuetan genuelarik, erreleboan bidea eginez borroka berberean: herri honen burujabetzaren bila gure gurasoen laguntzarekin. Eta hor dihardugu! Baina oraingoan, gure ondorengo belaunaldi honek, hain zuzen seme-alaben belaunaldiak, ditu aukera gehien espainiar Estatuarekin dugun konfrontazio politikotik herri hau irabazle irteteko. Beraz, elkarrekin besoz beso joango gara bidea eginez. Ez ditugu bakarrik utziko. Hau da eman nahi dizuedan itxaropena.
Badakit ez dizuedala bide samurra eskaintzen. Izan ere, gure buruaren jabe izateko, aurka ditugu ez nolanahiko bi estatu eraso bizian: batetik, frantziar Estatua jarrera itxia duena nazio-aitortza eta autonomia eskaerei dagokienez, eta aldi berean parte-hartze zuzena duena ezker abertzalearen, independentisten aurkako eraso polizialetan. Eta bestetik, bere politikagintza Euskal Herriaren desagerpenaren inguruan oinarritua duen espainiar Estatua, Inkisizio garaietan geratua, demokrazia eta askatasun eskaeren aurrean terrorea sarraraztea lanabes duena. Mendetik mendera, belaunalditik belaunaldira, euskaldunok ondo ezagutzen duguna, bestalde.
Hala eta guztiz ere, ez gaituzte beldurtzen, zeren «kabia egiten hegal azpian ohituak gare», Telesforo Monzonek zioen bezala eta, noski, ezker abertzalea prest dago dauzkan giza-balore guztiekin -eta ez dira gutxi!- Estatu espainol terroristari aurre egiteko. Euskaldun, abertzale, eta ezkertiar guztiok badugu garaia frantziar eta espainiar estatuei «stop» esateko. Badugu garaia estatuei Euskal Herrian esku-sartzerik ez uzteko. Badugu garaia, denon artean, gure seme-alabak, Euskal Herriaren etorkizuna, defendatzeko.
Gaur, larunbata, goazen guztiok Bilboko kaleetan Euskal Herriko gazteria defendatzera!
Bitartean, hirurogeita zortzi musu goxo zuei, etorkizunaren aita eta amei.