Gezurra eta ezkutatzea, gerra tresna gisa
Alemaniako Armadaren Estatu Nagusiko buruak eta Defentsa Estatu idazkariak dimisioa eman zuten herenegun, Kunduzko (Afganistan) bonbardaketa bati buruzko txostena dela-eta. Bonbardaketaren ondorioz 142 lagun hil ziren, haietako asko zibilak, eta txosten horrek haien gaineko informazioa ezkutatu zuen. Gezurraren erantzukizuna, ordea, ez da bi goi kargu horietara mugatu, atzo Lan ministro alemaniar Franz Josef Jung-ek -sasoian Defentsa ministroa- ere bere dimisioa aurkeztu baitzion Angela Merkeli. Jungen dimisioak arreta ematen du erantzukizun politikoa onartuta dimititzea ez delako batere ohikoa; areago, zenbait herrialdetan ematen du «dimisio» hitza existitu ere ez dela egiten. Kargua uzteak ez luke nahikoa izan behar baina, gauzak horrela, askok uste izango dute badela zerbait.
Bestetik, Kunduzko hildakoei buruzkoak ezkutatzeak fenomeno berririk agerian utzi ez badu ere, Afganistanen, Iraken eta beste zenbait lekutan gezurra eta manipulazioa gerra tresna gisa erabiltzen duten hamaikagarren froga da. Gezurra hainbat herrialderen inbasioa «justifikatzeko» erabili izan dute, eta agerian geratu denerako, inbasioaren ondorioak atzeraezinak izan dira. Erantzukizun handia hondamendi horien eragileena, baina hori onartzen duten erantzuleak arras gutxi; horregatik, tristea bada ere, dimisio bat zerbait badela esaten da.