GARA > Idatzia > Euskal Herria

Diru laguntzak etetea erabaki politikoa dela salatu dute euskarazko hedabideek

Nafarroako Gobernuak euskal hedabideei diru laguntzak kendu izana gogor deitoratu dute Euskara Elkarteen Topaguneak, Nafarroako euskarazko hedabideek eta Nafarpres Nafarroako Tokiko Prentsaren Elkarteak.

p017_f01.jpg

GARA | IRUÑEA

Nafarroako Gobernuak euskara hedabideetan sustatzeko diru laguntza bertan behera uzteko erabakia «guztiz politikoa» dela adierazi dute Euskara Elkarteen Topaguneak, Nafarroako euskarazko hedabideek eta Nafarpres Nafarroako Tokiko Prentsaren Elkarteak.

Neurri honen xedea gainera, euskal komunikabideak «gutxiestea» dela salatu dute haserre hiru eragileotako ordezkariek Iruñean eskainitako agerraldian; «bertako langileak eta ordezkariak mespretxatuz eta Nafarroako euskal komunitatea beste behin irainduz», gehitu zuen Guaixe komunikazio taldeko Garbiñe Petriatik.

Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen urtebete daramatela gogora ekarri zuten hedabideetako ordezkariek, eta denbora horretan guztian Euskarabideko zuzendari Xabier Azanzak ez duela agindutakoa bete gogor salatu zuten. Euren aburuz, «ezerezean geratu da Euskarabideak eta Hezkuntza Departamenduak urte osoan zehar emandako hitza».

Sortutako egoera bideratzeko Nafarroako Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoei beren esku dagoen guztia egiteko eskatu diete; «datorren urteko aurrekontuetan euskarazko hedabideok aurten jasan dugun kolpe latz hau neurri batean behintzat konpentsatuta ikusteko».

Era berean, Euskarabideko zuzendari-kudeatzaileari zein bere lantaldeari zuzendutako hitzak izan zituzten, «hausnarketa sakona» egiteko eskatuz.

Euskarazko komunikabideek diru laguntzarik ez jasotzea «kultura, gizarte eta informazio aniztasunaren aurkako erasotzat» jo du ELA sindikatuak. Komunikabideetara igorritako oharrean, «euskara ito eta zigortzen duten politikak» alde batera uzteko deia egin dio sindikatuak Miguel Sanzen gobernuari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo