Sokatira Finalak
Laukoan eta zortzikoan lehen txapelak banatuko dituzte
Talde txikien finala Abadiñon jokatuko da, eta handiena, berriz, Elizondon, bietan 17.00etan hasita.
Jon LEUNDA
Sokatirako denboraldiko lehenengo txapelak banatuko dira asteburu honetan, 320 kilotan Lauko Euskal Herriko finala izango baita gaur Abadiñon, 17.00etatik aurrera. Zortzinakoan, berriz, Nafarroako finalak izango dira 600, 640 eta 500 kilotan. Lehen biak gizonezkoetan izango dira, eta bestea berriz, nesketan. Norgehiagoka hauek Elizondoko kiroldegian jokatuko dira 17.00etatik aurrera.
Euskal Herriko lehen finalak izango dira gaur Abadiñon. 320 kilotan jadanik bi jardunaldi jokatu dira, finalera zein sailkatuko zen jakiteko, eta Sokarri B izan da kanpoan geratu den talde bakarra. Baina orain artekoek ez dute balio, eta gaur irabazten duenak jantziko du txapela.
Abadiño A, Abadiño B, Sokarri A, Ibarra, Auzolan eta Barrundia lehiatuko dira. Dudarik gabe Abadiñokoak dira garaipena lortzeko faborito nagusiak. Iaz ere txapel guztiak lortu zituzten, eta aurtengo bi saioetan ere beraiek izan dira onenak.
Berdeen helburuak, ordea, ez dira hor geratzen, izan ere beren asmoetan gaur lehen bi postuak eskuratzea dago, eta adituen ustez hori lortzeko aukera asko omen daude. Txapela janzteko garaian behintzat, inork gutxik uste du garaipenak bizkaitarrei ihes egingo dienik. Bigarren posturako lehia biziagoa izan daiteke, baina hori ere beraiek lortzea ez litzateke aparteko ezustea izango.
Beste taldeen arteko parekotasuna handia da. Ibarrak lehen jardunaldi bikaina egin zuen, nahiz eta bigarrenean apur bat jaitsi zen. Auzolanek, berriz, behetik gora egin du, eta gaurkoan aurreneko hiru postuetan sartzea dute helburua. Sokarri A ere lan ona egiten ari da, eta hauek bigarren postu hori dute begiz jota, aurrez aipatu bezala, aurrenekoa lortzea denek ikusten baitute oso zaila. Barrundia ere saiatuko da. Arabarrek lan polita egin dute, eta helburuua beteta helduko dira.
Zortzinakoa
Zortzinakoan, berriz, pisu guztiak batera aritu dira lehian, eta gaur jokatuko dira hirugarren eta jardunaldiak, eta honekin emango zaio amaiera. Gizonezkoek bi pisutan neurtuko dituzte indarrak, eta emakumezkoek, berriz, bakarrean.
Nesketan dago, dudarik gabe emoziorik handiena. Amaiur, Beti Gazte, Sakana eta Berriozar lehiatuko dira. Bi jardunaldi eta gero, lehen postuan Amaiur eta Beti Gazte daude berdinduta 6,5 punturekin. Aurreko jardunaldietan talde bakoitzak garaipen bana erdietsi du, eta gaur garaipena errepikatzeko gai denak irabaziko du txapela. Esan gabe doa, bien arteko parekotasuna handia da.
Hirugarren postuan Sakana dago, 5 punturekin, eta txapela lortzea ia ezinezkoa dauka, baina bigarren postua lor dezake. Nolanahi ere, lan bikaina egin beharko du berak horretarako, eta aurrekoek ez horrenbestekoa. Berriozarrek, berriz, ez dauka inongo aukerarik. 2 punturekin sailkapeneko azken postuan dago, eta hortik gora egiteko ez dauka inongo aukerarik. Aurreko bi jardunaldietan azken postuan amaitu du.
Gizonezkoetan, berriz, emozioa ez da horrenbestekoa. Bai 640 kilotan, eta bai 600 kilotan ere Amaiur doa sailkapeneko lehen postuan, eta beraiek dira bi txapel hauek janzteko faborito nagusiak, eta bietan txapel hori ia poltsikoan dute.
640 kilotan orain arteko bi saioak jokatu dituzte, eta bi punturen aldea kentzen dio Berriozarri. Azken postuan doa Txantrea, punturik gabe. Gaur Berriozarrek gehienez ere kitarakoa lor dezake Amaiurrekin. Horretarako gaurkoa irabazi eta Amaiurrek azkena atera beharko luke, baina ez dirudi lantegi erraza izango denik. 600 kilotan bai dagoela dena erabakita. Amaiur eta Berriozar bakarrik ari dira lehian, eta gaur gertatzen dena gertatuta ere, Amaiurrek eramango du pisu honetako txapela.
Laukoan Euskal Herriko lehen finalak jokatuko dira, eta Abadiño da garaipena lortzeko faborito nagusia. Orain arteko bi saioetan besteen gainetik agertu da, eta berak ez irabaztea ezusteko handia izango litzateke.
Zortzinakoan, berriz, Nafarroako hiru final jokatuko dira, eta Amaiur da txapel gehien lortzeko aukerak dituena. Mutiletan bat segurtatuta dauka, eta bestea ere eskura du, eta nesketan ere aukera asko dituzte.