Pariseko Auzitegiak zigor gogorrak ezarri dizkie zazpi euskal militantei
GARA
Zazpi euskal militante epaitu berri dituen Pariseko auzitegia bereziak, azaroaren 19an hasitako auzian, fiskalak eskatu baino zigor gogorragoak ezartzea deliberatu du.
Horrela, Ibon Fernandez Iradi lasartearrari 30 urteko espetxe zigorra ezarri dio, fiskalak 20 urtekoa eskatu bazuen ere. Antzeko zerbait gertatu zaio Patxi Abadi, fiskalak eskatutako zigorra 8 urtekoa izan arren, epaimahaiak 10era luzatu baitu kondena.
Gainerako militanteei eskatutakoak ezarri dizkiete, hala nola 18 urte Gorka Palaciosi, 15 urte Jon Rubenachi eta hamabina Mikel Almandoz eta Iñigo Vallejori. Gainera, zigorraren bi herenak derrigorrez betetzeko baldintza jarri die guztiei, eta Estatu frantsesaren lurraldean egoteko debekua ere bai.
Garazi Aldana ziburutarrak, berriz, bost urteko espetxe zigorra jaso du. Horietatik hiru betetzeko obligaziorik gabe. Aldana behin-behineko askatasunean zegoen auzipetu bakarra da. Lehendik urtebete inguru egona da kartzelan, 2003ko abendu hasieran atxilotu zutenetik. Fiskalak berehala espetxeratzeko eskaera egin bazuen ere, epaitegiak ez du onartu.
Fernandez Iradi, Abad eta Aldana atxilotu zituztenean Polizia frantsesak emandako tratu txarrak salatu zituen NBEko Torturaren Aurkako Batzordeak. Estatu frantsesak horrelako salaketa izan zuen lehen aldia izan zen.
Ebazpen politikoak
Auzitegi bereziak desagertu beharrekoak direla aldarrikatu zuen Askatasunak, eta erabaki judizial hauek «justizian baino, borondate politikoan» oinarritzen direla salatu zuen.