Xabier Amurizaren «Joan ziren» zikloak ez du etenik eta hirugarren eleberria kalean da jada
Hirurogeiko hamarkadako Euskal Herrian kokatu du Xabier Amurizak «Olatu bat kuartelen gainetik» (Lanku), «Joan ziren» zikloko hirugarren eleberria eta, ziurtatu duenez, ez azkenengoa.
Ane ARRUTI | BILBO
«Dinosauroak horizontean» izan zen lehenengoa eta «Orain ezin naiz hil» hurrengoa, Interneten eskegi zuena, eskuratu nahi duenarentzat borondatearen truk. Xabier Amurizak (Zornotza, 1941) «Joan ziren» zikloko hirugarren liburua aurkeztu zuen atzo.
«Olatu bat kuartelen gainetik» eleberrian, 1960ko hamarkadan abade gisa Lea ibarrera bidali zuteneko garaiak hartu ditu oinarri. «Nik ezagutu dudan -eta esango nuke, ezagutu den- hamarkadarik esplosiboena. Olatu bat bezala gogoratzen dut, azkar, bakar, handi», azaldu zuen atzo Amurizak Bilbon.
Aurreko liburuei jarraipena emanez, fenomeno esplikaezin baten garapena da. «Ez nola ez zergatik munduan bakarrik gelditu zen edo abandonatu zuten ez jakiteak ez du protagonista biziraun beharretik libratzen. Premia horrek Oiz mendiaren hego aldetik ipar aldeko itsasertzera darama. Lekeitio. Hemen, bere biziraupen fisikoa antolatzeagaz batera, 1960ko hamarkada aurkitzen du, diktaduraren erraietan».
Euskal Herriko «motiboak» hartu ditu bere narrazioa osatzeko, baina argi utzi nahi izan zuen, liburuaren asmoa guztiz literarioa dela. «Helburua ez da, maiz errepikatzen dudanez, kronika bat edo nobela historiko bat eraikitzea. Baina motiboak geureak, hemengoak, Euskal Herri fisikokoak izateak sendotasun erantsi bat eskaintzen dit. Ez zait ezertarako interesatzen neure nobelak toki eta izen arrotzez betetzea», esan zuen.
Konfesioa, motibo literario
1965ean, gazte egin zen abade Amuriza eta liburu honetan bada garai hartan bertatik bertara ezagutu zuen zerbaiten hainbat pasarte: konfesioa. «Nik ezagutu eta aritu behar izan nuen konfesio indibiduala motibo literarioen iturri agortezina da. Alde batetik, penagarria da ezabatu izana, elementu teatral harrigarriak baitauzka, bizi izan ez dutenentzat egoera pentsaezina iruditzeraino, non errealitateak fikzio oro gaindi dezakeen. Ez dakizu norekin berbetan ari zaren, baina bi aurpegiak hortxe dagoz, bost zentimetrora».
Garai hura bizi izan ez zutenak ere gonbidatzen ditu Amurizak bere literaturan murgiltzera, «kontua ez baita irakurlea delako garai batean barnatzea. Irakurleak liburuan barnatu behar du, ez bizi izan ez zuen garai batean».
Dagoeneko laugarren alearekin lanean dabilela aurreratu zuen eta zortzigarreneraino iritsi nahi duela. Bestalde, bukatua dauka «Hizkuntza osoa, lehiakorra, nazionala. Euskara batuaren bigarren jaiotza» saiakera, udaberrian argitaratzeko asmoz.
Irakurleekin harremanak sakontze aldera, datozen hilabeteetan hitzaldiak eta solasaldiak egiteko asmoa duela azaldu zuen Xabier Amurizak.
Liburua eskuragarri dago Interneten. Ohiko formatuan 20 euroan dago salgai eta PDF formatuan ere eskura daiteke 5 euroren truke.