GARA > Idatzia > Kultura

«Mendiko behatokia», egunerokoari erreparatzen dion begirada

p049_f02_088x124.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Eguraldiaren iragarpenarekin zuzeneko lotura du eta Arantzazuko frantziskotarren artean frailerik ezagunena da, baina Pello Zabalak, badu zer esan eta, are gehiago, zer idatzi, lainoak eta eguzkia noiz etorri edo joango diren asmatzeaz gain.

Ez da liburu bat argitaratzen duen lehenengo aldia, baina bide guztiek eraman izan dute meteorologiaren betikotasunera. Oraingoan, ordea, sorkuntza pertsonalago bati heldu dio Zabalak, eta egunerokotasunetik bereizi dituen pasarteak biltzen ditu, dietario baten antzeko lana bilduko balu bezala. Finean, egunez eguneko gurpilean sartuta, Zabalak ikusitakoak, begiztatutakoak, iruzkin forman, apaindura literarioen bistan, biltzen dira Alberdaniak argitaratu berri duen alean. Amezketan jaiotako frantziskotarrak, Interneten duen blogean idazten dituen gogoeten artean aukeraketa bat egin du eta, horiek baliatu ditu liburua osatzeko.

Hiru adar nagusi

Inazio Mujika Alberdaniako editorearen arabera, liburuak hiru adar nagusi edo hiru ezaugarri nagusi ditu. Batetik, «ia poesiarekin lotzen diren testuak idatzi ditu, prosa poetikotzat jo daitezkeenak». Izan ere, Zabalak erakusten duen «begiratzeko ahalmena, naturan ikusten dituen gauzekin alderatzen du. Adibidez, putreek zeruan egiten duten dantzarekin, edo katakume baten ibilera lirainarekin», esan zuen. Bestetik, oroitzapena da nagusi Zabalaren liburu berrian. «Amama Sebastiana» da urteetan atzera egitera bultzatu duen pertsonaietako bat, baita bere txikitako bizipenak, Amezketan, jaioterrian. «Oroitzen naiz, zazpi urterekin lehenengoz Arantzazura etorri nintzenekoa. Orduan pentsatu nuen leku hau niretzat aproposena zela. Baita bertan egin nituen lehenengo eskola urteak ere. Irakasleak inork solfeorik bazekien galdetu zuen egun hura; inork ez zuen eskurik altxatu, soilik nik nekien zerbait solfeoaz eta, Amezketatik etorria banintzen ere, han, Arantzazun, zer edo zer izateko aukera izan nezakeela sentitu nuen», azaldu zuen Zabalak.

Azken adarra edo ezaugarria, Mujikaren iduriko, gai sozial eta politikoen trataeran oinarritzen da. Ez gaiak duen garrantziagatik beragatik, baizik eta tratatzeko moduarengatik. «Etxeko giroan eginak dira denak, etxeko giroan eztabaidatutakoak, eta bertan biltzen dira, adibidez, `hermano' baserritarrarekin egindakoak». Orokorrean, 2006ko urritik 2008ko martxora bildutako bizipenak dira plazaratu berri duten liburuan dakartzanak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo