GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kopenhageko gailurraren harira jarritako afixak kenarazi ditu Baionako auzapezak

GARA |

Kopenhageko gailurraren karietara, Baionako biztanleei leihoetan «Planète en danger, mobiliza gaitezen» afixak jartzeko es- katu zien joan den larunbatean Bizi! kolektiboak. Gailurra hasi zen egunean Baionako auzapez Jean Grenetek afixak kentzera igorri zituen udal langileak, udaltzainez inguratuta eta kamioi-grua batekin. Bayonne Ensembleko hautetsi ezkertiarrek eta Bizi! kolektiboak jokabide hori salatu dute.

Talde altermundialistak auzitegian salaketa jarriko du datozen egunetan. Horregatik, leihoan jarritako afixa kendu dieten herritarrei eskatu diete taldeko arduradunekin harremanetan jartzeko ahalik eta lasterren.

Izan ere, adierazpen askatasunaren kontrako jokabide dela nabarmendu dute bi taldeek, eta hori salatzekoa dela. «Irakurria edo entzuna izatea debekatzen duen edozein neurri adierazpen askatasunaren kontrakoa da» adierazi du talde ezkertiarrak.

Bi taldeek Alderdi Erradikaleko Greneten kontraesana nabarmendu dute. Alderdi horretako presidente Jean-Louis Borlook klimaren berokuntzaren kontra gizartea mobilizatzera deitu du, eta auzapezak, aldiz, kontrako jokabidea hartu du. «Gobernatzen duen jende horien jarrerek, ulertarazten digute tamalez zergatik ez den akordiorik izanen Kopenhagen, edo izatekotan, akordio eskasa baino ez», esan du talde altermundialistak.

Larunbatean berriz agerian

«Larrialdi klimatikoa eta justizia sozialaren beharra oihukatzeko jende katea!» osatzera deitu dute larunbatean Ipar Euskal Herriko hainbat eragile politiko eta sozialek. Lapurdiko hiriburuan protesta eginen den egun horretan afixa berdeak berriz ere leihoetan ezartzeko deia egin du Bizi! kolektiboak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo