PATXI ZUBIZARRETA Idazlea, «Geu» aldizkariaren kolaboratzailea
«Geu» aldizkariari
Bada Lisboan, Cais do Sodré inguruan, erloju bitxi bat daukan British Bar bat. Bertan, segundoen orratzak aurrera ez, baina atzera egiten du eta, ordu nahiz minutuen orratzak ere esferan atzeraka ikustean, norbera noragabe eta desorientaturik geratzen da. Badira bizitzan halakoxe garai edo denboraldiak ere, eta halakoetan badirudi norberak, norberaren herriak eta kulturak atzeraka egiten dutela. Antzeko zerbait sentitzen dut orain, atzerakako denbora hauetan erlojua gelditu zaion «Geu» aldizkariarekin. Nik ere erlojuko orratzen bidetik atzera egin eta, batik bat, Esti dut gogoan, zuri-beltzeko aldizkariari -eta gure kulturari, gure hiriari- kolorea ematen asmatu duelako, dotorezia gaztea eskaintzen jakin duelako -Artiumen egindako hamabosgarren urteurreneko ospakizunean edo, Principalean, «Mundua lo dagoen bitartean» ikuskizunaren prestakuntzan-, eta ausardia: ze ederra uda batez plazaratu zen biluzien ale hura -bitxia da probokatzailea izan zitekeelako, baina ez zen izan, edo bai: ez dakit-. Lisboako British Bar horretan, hamaika zerbeza nahiz wiski-bourbon artean, diploma markoztatu bat ageri da, «Recomendado pelo bom serviço». Eta hitz hauek ere horixe nahi lukete izan, Estiren merezimendu eta kemenaren esker oneko gorazarre, eta, berarekin, beraren alde egin nahi dut topa bourbonik zaharrenak gazte sentiarazten nauen kopa honekin. Paradoxak dira: erlojuak, geldirik egonagatik, egunean gutxienez birritan jarraitzen du ordua ematen...