GARA > Idatzia > Kirolak

«Geneukan behar edo hutsune bati aurre egitea erabaki dugu»

p034_f01_777.jpg

MIKEL TROITIÑO

SURFLARIA

Hainbat euskal kirolarik orain dela hilabte batzuk hasitako hausnarketa prozesuaren lehenengo mugarria izango da bihar Donostiako belodromoan egingo den KirolHaerria jaialdia. 18.00etan hasita eta sarrera dohainik dela, bertaratzen diren guztiek kirolari horien gogoeten berri izango dute, kirol ikuskizun apartaz gozatzeaz aparte. Deialdia egina dago.

Asier AIESTARAN

Lasai eta argi hitz egiten du, eta agian horregatik, komunikabideen dei asko erantzun behar izan ditu Mikel Troitiñok. Zarauzko hondartzan egin dugu zita berarekin.

Zer moduz doaz iganderako antolakuntza lanak?

Dena lotuta dagoela esan daiteke. Larunbatean free-style moto ikuskizuna egongo da belodromoan, igande goizean pistako txirrindularitza txapelketak daude, eta igande arratsaldean izango da gure txanda. Horregatik, gure ordua heltzerako dena prest edukitzeko gauza dezente lotu behar ziren, teknikoki hori izan da zailtasun handiena. Gainontzean, egitura ezberdin guztien aldetik babes eta laguntza handia eduki dugu, dena prest eduki ahal izateko.

Azkenean zenbat atxikimendu jaso dituzue?

Guztira 1.900 bat izan dira. Egia da azken aste honetan horri ez diogula horrenbesteko garrantzirik eman, belodromoko jaialdia prestatzen ibili garelako buru-belarri: kirolariak bildu, antolatu, ekintzak zehaztu, horien ordena erabaki, bertsolariak, hizlariak...

Ideiari bueltak ematen hasi zinetenean, espero al zenuten horrelako babesa izatea?

Nik neuk ez nuen espero ezer zehazki. Honekin esan nahi dudana da zenbait kirolarik barruan sentitzen genuen behar bat zela, eta babes handiagoarekin ala txikiagoarekin, euskal selekzioaren futbol partida egon edo ez egon, berdin-berdin aurrera segitzeko beharra hor zegoela. Agian beste batzuen kasua ezberdina da, eta kirolari jakin bat hor egoteak edo atxikimendu kopuru handia lortzeak gurekin bat egitera eraman ditu. Azkenean, kontua da elur-bola handiagoa egiten joan dela eta zorionez kirolari asko bildu garela. Lortuko duzun babesa neurtzea oso zaila da, baina, berriz diot, nik behintzat ez neukala esperantza jakin bat, beharra hor dago, hutsunea hor dago, eta horri aurre egin behar zaio. Eta horretaz hitz egiten hasi ginenean kirolari guztiek onartzen zuten behar hori hor zegoela. Gero, kontua da horri nola aurre egin erabakitzea, bakoitzak zertan lagundu dezakeen ikustea: atxikimendua emanez, bileretan parte hartuz, afari bat antolatu eta ateratako dirua belodromoko ekitaldian erabiliz, ekitaldian bertan parte hartuz, aurrera begira emango diren urratsetan lagunduz... Baina inork ez digu esan bide okerretik goazela, denek onartzen dutelako hutsune bat badagoela.

Nabarmentzekoa iruditzen zait aurpegi ezagun askok konpromisoa hartu izana. Eta kirolari profesional eta ez profesionalen arteko dinamika bateratua ere bai.

Bi horiek elementu aipagarriak dira, zalantzarik gabe, eta hirugarren bat ere aipatuko nuke, lurraldetasunarena, leku bateko zein besteko euskal kirolariak bat eginda ikustea. Agian azken puntu hau ez dugu nahi bezain beste landu ahal izan, elkarlan gehientsuena Gipuzkoan eta Bizkaian egin dugulako. Arabara, Nafarroara eta Ipar Euskal Herrira ezin izan dugu nahi genuen besteko indarrarekin iritsi, denboraz ere justu samar ibili garelako. Kontuan izan behar da orain dela hilabete pare bat hasi ginela hau antolatzen. Egia da euskal selekzioaren futbol partidarekin gertatzen ari dena ikusita, eta aurrez ikurrinarekin egindako beste zenbait agerpen aztertuta, hausnarketa bat egiteko beharra bazegoela, bai kirolari ezagun horien artean, baina hain ezagunak ez direnen artean ere bai. Eta hausnarketa horrek balio bera du ezagunentzat eta ez hain ezagunentzat, profesionalentzat eta ez profesionalentzat. Bakoitzak duen sentimendua ez da garrantzitsuagoa kirolariaren mailaren arabera. Maila ezberdinetako kirolariok modu egituratuan bat egiteko aukera ikusi dugu eta horrek giro oso polita sortu du.

Sinatzen duzuen agirian ez da soilik euskal selekzioen beharra aipatzen, hori lortzeko bidean urratsak emateko konpromisoa ere hartzen duzue.

Barrura begira, euskal selekzioek zazpi lurraldeak kontuan hartu behar dituztela aipatzen dugu, eta kanpora begira, selekzio horiek nazioarteko lehiaketetan ofizialki parte hartzeko eskubidea dutela. Horrez gain, ardura hartzen dugu zazpi lurraldeetako kirolariak bere baitan hartuko dituen egitura bat sortu eta bultzatzeko. Ikuspegi horretatik igandeko ekitaldia aurreneko mugarria izango da, horregatik hartu du KirolHaerria izena, eta harri-jasotzaileek erabiliko duten uztarria ere horren erakusgarri izango da. Bidea hortik aurrera hasiko da eta ekitaldi honekin jendeari zer datorren erakutsi nahi diogu.

Izan ere, arazoa ez da selekzioena bakarrik. Nafarrei bizkar ematen dieten Euskadiko Txapelketak, maila hobea izan arren selekzioetatik kanpo geratzen diren Ipar Euskal Herriko kirolariak...

Maila bakoitzean, esparru bakoitzean, kirol mota bakoitzean, egoera oso ezberdina da. Zenbait kiroletan hausnarketa hau aspalditik egina dute eta emandako urratsetan oso aurreratuta daude. Beste askotan, berriz, ia ezer ez da egin arazo hauek konpontzen saiatzeko. Alde horretatik, sortu nahi dugun egitura berriak kontuan izan beharko du kirol bakoitzaren egoera. «Malgua» izan behar duela esatea ez zaigu gustatzen, malgutasuna norabide jakinik ez izatearekin nahastu daitekeelako, baina kirolen eta kirolarien aniztasuna onartu beharko du derrigorrez. Eta horrek eskatzen duena da kirol mota guztiak egitura horretan integratuta egotea. Kirolari bakoitzak badaki bere arloan zer arazo dituen, eta kanpotik zer egin behar den esateak ez du balio. Bakoitzak bere hausnarketa egin behar du eta ate berriak zabaltzen saiatu. Eta Olentzero bezala tximiniatik sartu behar baldin badugu, horretan ere saiatuko gara.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo