GARA > Idatzia > Kultura

Haurren eta zaharren artean adin mugarik ez dagoenean

Laurogei urte bete berri direnean haurrei erakartzen dien liburu bat idaztea eta, are gehiago, irakurtzerakoan haiek gozaraztea lortzea dohain bat da. Hans Magnus Enzensberger saiakera-idazle alemaniarrak zori hori berezkoa duela frogatu du «Bibs» liburuan.

p043_f02_097x152.jpg

GARA | MADRIL

1990eko hamarkadan, ezinezko helburu bat finkatu zuen egileak; haurrek matematikekiko zuten beldurra uxatzeaz harago, haiekin dibertitzen erakustea. Eta lortu zuen, «El diablo de los números» lanarekin. Oraingoan, zenbakiak albo batera utzi, eta desioen botereari buruz gogoeta egitera bultzatzen ditu gazteak. Mundua egoera hobe batera eramatea desio eta borondate kontua da «Bibs» liburuaren («Beto y el cesto de los deseos» gaztelaniazko bertsioan) sortzailearen arabera.

Gauzak aldatzeko gogoa izatea positiboa da, baina aldatzeagatik aldatzea eta, are gehiago, aldatzearen arrazoia beste norbaitekiko edo munduarekiko haserrea baldin bada (Beto protagonistari gertatzen zaion moduan), bide txarretik hartutako norabidea dela ikusarazi nahi die Enzensbergerek. «Guztiz desberdina den mundu bat irudikatzea ez da lan erraza», gogoetatzen du Betok, inguruan dituen gauzen edertasunaz ohartzen denean.

Konformismorik gabeko kontakizunean, idazleak helarazi nahi duena da edozein gauza lortzea posible dela, oso zaila dela iruditu arren.

Formatu klasikoan idatzitako ipuin horrek, umore fina du bere orrietan eta prezisioz batzen du kontakizuna Rotraut Susanne Bernerek egindako ilustrazioekin (autore beraren marrazkiak baliatu zituen Enzensbergerrek «El diablo de los números» eta «¿Dónde has estado, Robert?» liburuetan).

Beste lan batzuk

«El diablo de los números» lanean, «matematikekiko izua sentitzen duten guztientzat» argitaratuan, Robert protagonistari ez zaizkio matematikak gustatzen, ez dituelako guztiz ulertzen. Gau batean, ordea, zenbakien mundu zirraragarrira eramaten duen deabruarekin egiten du amets. Deabruak, eskolako aurreiritziak alde batera utzi eta maila altuagoetan lan egitera behartuko du. Zenbakiak, pasatzen duen orrialde bakoitza, gero eta xurgagarriago bihurtzen da. Magiaren antzeko zerbait da, eta Robertek gero eta gehiago jakin nahi du, deabruak buruhauste batzuk goi mailako zientziarekin lotura zuzena dutela ikusarazten dion heinean.

«¿Dónde has estado, Robert?» lanean, protagonistak bidaia bat egiten du denboran eta historian zehar irudi batzuei esker. Irudi bat ikustea nahikoa du -telebistan, zineman, koadro batean nahiz argazkian- begiratzen ari den irudiaren eszenan sartzeko. Horrela, irakurleak munduko leku eta garai desberdinetara bidaiatzen du. Alemania nazia, Hogeita Hamar Urteko Gerra eta Errusiako Iraultza dira, besteak beste, zazpi bidaien agertokiak, eta zazpi abentura horiek erakusten dute bakoitzaren atzean istorio bat gordetzen dela, mundu bat, garai bat, eta norberaren eginbeharra horien esanahiaz galdetzea dela.

Zazpi kontakizunez osatuta dago «Escalofriantes historias de los niños prodigio» ere, Enzensbergerek Linda Quilt izengoitia baliatuta idatzi zuena. Istorio horien protagonista da, esaterako, Melinda Milford, egia esatera behartuta dagoen gaztea, edo Begon Howard Reginald Stafford Llewelyn, aurrean duen pertsona desagerrarazten duena bere izena esaten duten bakoitzean.

Enzensbergerek «Esterhazy» untxi familia baten historian oinarritzen den liburuarekin biribiltzen du haur eta gazte literaturaren mundura egindako ekarpena. Alemanian klasiko bezala hartua, Irene Discherekin batera idatzi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo