GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hezkuntza «inposizioari» aurre egiteko batzar irekia antolatu du EHBEk

Estatu espainol eta frantsesa ikasleak «doktrinatzea» helburu duten hezkuntza erreformak egiten ari direla-eta, EHBEk batzar irekia antolatu du urtarrilaren 16rako, Donostian, hezkuntza arloko eragileen artean egoera honi nola aurre egin hausnartzeko.

p015_f02_199x116.jpg

GARA |

Datorren urtarrilaren 16rako batzar irekia antolatu du Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) taldeak Donostian. Asteazkenean Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean azaldu zutenez, Estatu espainol eta frantsesa azken aste eta hilabeteetan burutzen ari diren hezkuntza erreformei nola aurre egin hausnartzea du helburu ekimenak.

Hezkuntza sistema nazionalaren alde dauden ikasle, irakasle, guraso eta herritarrei dago zuzendua Hezkuntza Deialdia izeneko egitasmo hori. Beraien iritziz, Euskal Herrian hezkun- tzaren alorrean eragiten ari diren aldaketen bitartez, ikasleak «doktrinatzea» bilatzen dute Espainiako eta Frantziako gobernuek, eta horien «inposaketen» aurrean erantzun beharra dagoela adierazi zuten.

EHBEren iritziz, azken erreformek linguistikoki, kulturalki eta nortasun mailan «uniformizatzea» dute helburu, eta ez dira «kasualitatezko erabakiak».

Gogora ekarri zuten, Euskal Herrian hezkuntza sistema propiorik izan gabe hainbat egitasmo gauzatu direla, hala nola ikastolak sortu eta garatu direla edo Euskal Curriculuma landu dela.

Beraien iritziz, orain arte izan diren aurrerapausoak «oztopatzea» da hezkuntza erreforma horien helburua.

Mobilizatu beharra

Azaldu zutenez, EAEn, PP eta PSEren arteko itunak Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak aurkeztutako dekretua ekarri du, euskara, euskal kultura eta nortasun propioaren» kontra doana.

Nafarroan ere, UPN eta PSNren «ezkutuko» itunaren ondorioz, euskararen kontrako neurriak gero eta nabarmenagoak direla salatu zuten eta ikastetxeetan euskararen ordez ingelesa txertatzeko TIL eredua jarri zuten horren eredutzat.

Ildo horretan, Frantziako «Balladour legea» ere aipatu zuten, eta estatuan 80.000 irakasle lanpostu murrizteak hezkuntza sistema publikoa «pobretzea» ekarri duela. Izan ere, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan irakasle euskaldunen gabezia areagotu egin duela kritikatu zuten eta horren ondorioz, hainbat eskola txiki itxi izan behar izan dituztela. Hezkuntza erreforma horrek Ipar Euskal Herriaren «basamortutzea» larriagotzen duela gaineratu zuten.

«Egoera larria» dela ohartarazi zuten eta hezkuntzaren arloko eragileek erantzuna adostea «premiazkoa» dela. «Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa edukitzeko eskubidea duela aldarrikatzeko mobilizatu beharra dago», dei egin zuten EHBEko kideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo