BBK Mastersa
Gaur ez du hotzik egingo
Martinez de Irujok eta Aimar Olaizolak urteko azken finala jokatuko dute Donostiako Atano III pilotalekuan.
Asier AIESTARAN
Juan Martinez de Irujok eta Aimar Olaizolak beste final bat jokatuko dute gaur arratsaldean, Donostiako Atano pilotalekuan (19.00, Telecinco). Kasu honetan, buruz buruko BBK Mastersa egongo da jokoan eta irabazleak 18.000 euro sartuko ditu poltsikoan. Galtzailea ere ez da esku-hutsik joango, bigarrenarentzat ere 12.000 euroko saria izango baita. 30.000 arrazoi on, beraz, partida eder bat jokatu eta giroa ongi berotzeko.
Izan ere, gaurkoari begira, zeresan handia eman zuen asteazkeneko pilota aukeraketak. Bi pilotariak kexu azaldu ziren Labriten egiten zuen hotzarengatik, eta Irujok adibidez, nahiago izan zuen materialaz iritzirik ez eman. Haren esanetan -eta ez zitzaion arrazoirik falta-, ezin da pilota bati buruz juzku zuzenik egin hautatutako egunaren eta jokatu beharreko egunaren artean horrenbesteko tenperatura diferentzia dagoenean. Kontuan izan behar da sarreren prezioak zertxobait gora egin arren -kantxako eserlekua 60 eurotan ipini dute enpresek- gaur sarrera oso ona espero dela Donostiako pilotalekuan eta ez duela hotzik egingo bertan.
Finalistei buruz, finalera oso modu ezberdinean iritsi direla aipatu behar da. Irujok Gonzalez kanporatu zuen finalerdietan, 22 eta 21eko emaitzarekin amaitu zen partida ero batean. Iberoko aurrelaria aurten bakarka jokatu diren final guztietara iritsi da -baita Binakakora ere-, eta psikologikoki oso nekatuta dagoela onartu zuen. Edozein modutan, bera da egungo buruz buruko txapelduna eta dirua beraren alde irtengo da hasieran.
Aimar Olaizolak, bestalde, Oinatz Bengoetxea menderatu zuen finalerdietan. Partida gogorra izan zen, airez asko sartu arren 362 pilotakada izan zituena. Lau eta Erdiko Txapelketan finalerdietatik kanpora gelditu ondoren, goizuetarra final batean da berriz eta 2007an lortu zuen garaipena errepikatzen saiatuko da gaurkoan.
Jaialdia 16.45ean hasiko da eta hiru partidak osatuko dute. Aurrenekoan, Mendizabal eta Eskuderok Apezetxea eta Urberuagaren kontra jokatuko dute; bigarrengoan Gonzalez eta Goñi III.ak Saralegi eta Belokiren aurka. Fernando Goñiren aurreneko neurketa izango da, asteartean kontratua urtebete luzatu ondotik. Ruben Beloki aurkari gogorra izango du.