GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herritarrei ateak ireki dizkie Zaldibiako Udal Batzorde berriak

Herritarren parte-hartzea oinarri izango duen Udal Kudeaketa Batzorde berria dagoeneko martxan da Zaldibian. Hain zuzen ere, pasa den irailean Aralarrek ardurak utzi zituenetik «umezurtz» zegoen udala. Orain, azken urteetako lanak aztertu ondoren, erronka berriak finkatuko dituzte. Gaiak jorratu eta erabakiak hartzeko, berriz, udalaren eta herritarren elkarlana bermatzeko batzordeak osatuko dituzte, interesa agertzen duten guztiei leku eginez.

p014_f0161290.jpg

J.A.

Herritarrek parte har dezaten, Udaleko ateak «parez pare» irekiko dituztela iragarri dute Zaldibiako Udaleko Kudeaketa Batzorde berriko kideek. Hain juxtu ere, Gipuzkoako Aldundiak abenduaren erdi aldean hautatu zituen Batzordeko bederatzi kideak, aurrez izena emana zuten herritarren artean, eta handik egun gutxira hartu zuten horiek euren kargua.

Irailetik Zaldibiako udal-administrazioan gertatu den geldialdiari amaiera eman diote beraz, orduan utzi baitzituen Aralar taldeak ardurak. Horrela, 2011ko hauteskundeetara arte Batzordea arduratuko da udal-administrazioaren kudeaketaz.

Azken sei urteetan Aralarren esku egon da Zaldibiako Udalaren gidaritza, eta Batzorde berriko kideek GARAri azaldu diotenez tarte horretan «kudeaketa udaletxeko gela ilunetan gauzatu dute». Horregatik, hemendik aurrera, kudeaketa «gardentasun osoz» egingo dutela eta herritarrei horren berri zuzenean emango diotela adierazi dute.

«Udala herriari itzulia»

Azalpen horiek emateko sortu duten aldizkarian jaso dituzte Batzordekoek euren ideia eta asmoen nondik norakoak. Batzordea osatzen duten herritarrak ez zirela hauteskundeetara aurkeztu gogorarazi dute, eta horrenbestez ez direla «proiektu» edo «alderdi jakin baten» ordezkari. Hala ere, euren burua «ezkertiar» eta «independentista» gisa definitu dute eta hemendik aurrera Udalean «gauzak ongi» egiten direla bermatzera datozela diote.

Horrenbestez, behin Batzorde berria osatuta «Udala herriari itzulia» izan dela aldarrikatu dute eta «tresna» hau herritarren zerbitzura jarriko dutela iragarri.

Udal-herri batzordeen sorrera

Kudeaketa Batzordearen lehen egitekoa egungo egoera aztertu eta ezagutzea izango da. Hala, emango duten lehen urratsa azken sei urteotan Udalean egindakoaren berri ematea izango da. Izan ere, euren esanetan «inork gutxik» daki orain arte zer egin den.

Bestalde, behin egoera aztertutakoan udal-herri batzarrak deituko dituzte eta bertan edonork hartu ahal izango du parte. Horietan, orain arteko udal taldearen kudeaketa azaldu, eta gerora begira egitekoak finkatuko dituzte. Gainera, GARAri azaldu ziotenez, «garrantzi handiko» gaiak udal-herri batzar horietan jorratuko dituzte.

Era berean, Batzordeko kideak herriko hainbat talderekin bilduko dira, esparru bakoitzean diren beharrak jasotzeko. Kultura zein kirol elkarteak, gazte taldeak, adineko pertsonak edota gurasoekin bilduko dira euren lana ahalik eta egokien bideratzeko.

Azkenik, Udaletxeko ohiko harrera orduez gain, bereziki herritarren kezka eta iradokizunak jasotzeko pertsona bat izango da astean bi orduz.

ilunetik argira

Azken sei urteetan Aralarrek Udalaren kudeaketa «udaletxeko gela ilunetan» egin duela salatu, eta hemendik aurrera «gardentasuna» izango dela oinarri azaldu dute.

herriaren eskura

Egungo egoera aztertu ondoren, horren berri eman, eta gerora begira erabakiak hartzeko «udal-herri batzordeak» deituko dituzte kudeaketa talde berriko kideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo