Bajan egon ondoren oporrak hartzeko eskubidea onartu du Gasteizko epaitegiak
GARA
Gasteizko Gizarte gaietarako Bigarren epaitegiak arrazoia eman dio CCOO sindikatuari Amurrioko Tubos Reunidos enpresako langile batek aurkeztutako salaketa baten harira, eta onartu du langileak bere oporrez gozatzeko eskubidea baduela, nahiz eta aurretik bajan egon gaixotasun bat dela-eta. Enpresak oporrak ukatu zizkion langileari aipatu arrazoiagatik.
Prentsa ohar batean, sindikatu honek azaldu du enpresa horretan 33 urtez lanean egon den langilea bajan egon zela 2008ko ekainaren 23tik 2009ko martxoaren 5era arte, «gaixotasun arrunt» baten erruz. Oharrean aipatzen denez, lanera itzuli zenean, enpresako zuzendaritzak «oporrak ukatu zizkion bajan egon bitartean gozatu zituela argudiatuz».
Auzia Gasteizko epaitegian salatu zuen CCOOko zerbitzu juridikoak, eta epaileak arrazoia eman dio sindikatuari. Horren arabera, «epaile batek Auzitegi Gorenaren doktrina aplikatzen duen lehen epaia da» Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Izan ere, iragan abuztuan Auzitegi Gorenak ebatzi zuen bajan egoteak ezin duela eragin langile batek bere oporrak galtzea. «Epai horretan Auzitegi Gorenak argi uzten zuen funtsezko bi eskubide desberdinak direla: bat, sendatzeko eskubidea; eta bestea, atseden hartzeko eskubidea», dio CCOOk hedabideei igorritako oharrean.
«Bidezko doktrina»
Sindikatu honek epaia txalotu du, eta «azkenean, gai honi buruzko nahasmenak ekiditeko hainbat urtetako borroka judizial eta sindikalen ostean bidezko doktrina bat ezarri izana» txalotu du.