Prętrek zuzenduko du Urteberriko kontzertua eta Valentinok jantziko du Jordi Kuhsen balleta
Vienako Orkestra Filarmonikoa izango da, beste behin ere, datorren urtarrilaren 1ean, Urteberri egunez ospatuko den kontzertuko protagonista. Vienako Operako Balletak, berriz, bere dantza eskainiko du.
GARA | VIENA
Georges Pêtre maisu frantziarrak zuzenduko du datorren urtarrilaren 1ean Vienako Orkestra Filarmonikoak eskainiko duen urteroko kontzertua. Bigarren aldia izango da beretzat, 2008ko edizio arrakastatsuan ere parte hartu baitzuen.
Austriako hiriburuan atzo eskainitako prentsaurrekoan «oso hunkituta» dagoela aitortu zuen Pêtrek. «Kontzertu honetako mezua mundu guztiari bidaltzen zaio, ez da kontzertu normal bat. Bi ordutan zehar maitasunezko mezu bat bidaltzen diogu mundu osoari», gaineratu zuen 85 urte bete berri dituen eta Vienako Filarmonikan 1962an debutatu zuen maisuak.
2010. urteko kontzertua 64.a izango da. Johann Straussen (semea) «Saguzaharra» operetaren irekierarekin hasiko da. Ohitura den moduan, emanaldiko programa Strauss dinastiako konpositore ezberdinez (Johann aita-semeak, Josef eta Eduard) osatuko da gehienbat. «Parisko inauteriak», «Vienako bonboiak» edo «Txanpainaren polka» bezalako polka eta balsak ez dira faltako.
Hala ere, aurten bada berrikuntzarik. Lehenengo aldiz, Filarmonikak Hans Christian Lumbye konpositore danimarkarraren obra batekin itxiko baitu programa ofizialari dagokion tartea. Gainera, Jacques Offenbach konpositore franko-alemaniarraren pieza bat eta Vienako Filarmonikaren sortzaile izan zen Otto Nicolai alemaniarraren beste bat eskainiko dituzte. Izan ere, Nicolairen heriotzaren 200. urteurrena ospatuko da datorren ekainean.
«Pêtrek kontzertua zuzentzeak bakarrik ez, asko pozten nau Strauss dinastian lortu dugun aniztasunak eta horrek Offenbach edo Iparraldeko Strauss deitzen zioten Lumbyerengan izan duen eraginak», esan zuen Clemens Hellsberg Filarmonikako zuzendariak.
Bestalde, Valentino 77 urteko diseinatzaile italiarrak jantziko du Vienako Operako Balleta. «Beti jarraitu izan dut kontzertua eta ohore bat izango da aurten nire larruan bizitzea», esan zuen.
2010eko Urteberri eguneko kontzertua 72 herrialdetan emango da, zuzenean zein grabatuta. «Musika klasikoa zabaldu nahi dugu, jende gehiagorengan interesa piztu», esan zuen Hellsbergek.
Musikvereingo urrezko aretoa, entzulez gainezka, San Remotik (Italia) ekarritako 30.000 lorez apainduta egongo da aurtengoan.