Berezkoak
Patrick Ezkurrak eskarmentua agerian jarri du lehen kanporaketan
EZKURRA I 40
DUCASSOU 29
Jon LEUNDA
Bi urte eta gero Bakarkakora itzuli da Patrick Ezkurra 40 urterekin, eta garaipen bat lortuz itzuli da, gainera, nahiz eta dirua aurka zuen.
Eskarmentu handiko pilotaria da, eta teknikoki bikaina, eta horixe utzi zuen agerian, intentzioz jokatu baitzuen, eta Ducassouri ez zion inolako aukerarik eman.
Urruñako aurrelari beteranoak bigarren kanporaketa Harizmendiren aurka jokatu beharko du datorren larunbatean, 16.00-etatik aurrera, Lekornen. Ez da partida bakarra izango Alfaro eta Lanbert ere hantxe neurtuko baitira. Hurrengo kanporaketak urtarrilaren 10ean izango dira, Saran, eta Ezkurraren eta Harizmendiren neurketako irabazleak Sorhuet izango du aurrean. Kanporaketa hori gainditzen duenak, berriz, Etxeto izango du aurrean, urtarrilaren 17an. Horko garaileak Kurutxariren aurka neurtuko ditu indarrak urtarrilaren 24an Armendarizen, eta partida hori gainditzen duenak finalerdietan Ezkurra II.a izango du aurkari.
Alfaroren eta Lanberten partidako garaileak Lazkanoren aurka jokatuko du urtarrilaren 10ean, Saran. Astebete geroago, hori gainditzen duenak Etxeberriren aurka jokatuko du Senperen. Kanporaketa hori pasatzen duenak, Ozafrainen aurka jokatuko du Donibane Garazin, urtarrilaren 25ean, eta garaipena lortzen duenak finalerdiak jokatuko ditu Waltariren aurka.
Finalerdiak bi partidatara jokatuko dira, eta bakoitzak bana irabazten badu, tanto kopurua hartuko da kontuan. Finala, berriz, Baionan, Moderne trinketean jokatuko da, otsailaren 20an.