GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Juan Mari Beldarrain Otamendi | Eguzkiren izenean

Kopenhagek porrot egin ala ez, batzuk beti irabazle

Kopenhageko goi-bilerak porrot egin ala ez, batzuk beti ateratzen dira irabazle. Krisirik ez badago, krisirik ez dagoelako, eta krisia badago, krisia dagoelako, batzuk beti irabazle. Horietakoak dira enpresa elektrikoak eta horien artean, Iberdrola, jakina.

Kopenhagen, klima aldaketari buruzko goi-bilera zela-eta, enpresa elektrikoek foro paralelo bat egin dute. Testuinguru horretan, Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galanek energia nuklear gehiago, tarifa garestiagoak eta laguntza publiko handiagoak eskatu ditu. Eskaera horien oihartzuna balitz bezala, Espainiako Industria ministro Miguel Sebastianek, «ekonomia iraunkorra»ren eta energia berriztagarrien garapenaren aitzakian, zera iragarri du: Gobernuak urtarriletik aurrera tarifak %2,7 garestitzea baimenduko duela.

Ez dago eskubiderik. Garoñako zentral nuklear zaharra berehala ixten bazen, tarifek gora egingo zutela iragarri zuten, mehatxu moduan. Garoñako zentrala ez da berehala itxi. Are gehiago, de facto, luzamendu berri bat egin diote, eta, hala ere, tarifak garestitu dituzte eta garestitzen jarraitu nahi dute.

Egungo sistema energetikoa ez da iraunkorra. Gehienbat krisiaren ondorioz, kontsumoa %8 murriztu den arren, Iberdrolak erregai fosiletan oinarritutako zentralak mantendu, eta, ahal dela, ugaritu nahi ditu. Zentral nuklearrei ere, nola edo hala, eutsi nahi die, baita Garoñakoari ere, zahar eta arriskutsua den arren eta energia ekoizpenaren %1,35 baino sortzen ez duen arren.

Eta energia berriztagarriak? Antza denez, berriztagarriak ondo daude diru laguntza publikoak eta tarifa garestiak justifikatzeko, baina ez energia-iturri kutsagarri eta arriskutsuak ordezkatzeko. Berriro diogu: ez dago eskubiderik. Denok pairatzen dugu krisia, baina urtarriletik aurrera jende arruntaren jornala ez da %2,7 gizenduko. Batzuk, berriz, beti irabazle, botere publikoen laguntzarekin eta, gainera, «ekonomia iraunkorra» eta energia berriztagarriak sustatzeko aitzakian. Diskurtso hori «energia berdea»rena bezain iruzurtia dela salatu nahi du Eguzkik. Izan ere, biak ala biak dira enbor ustel bereko ezpalak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo