GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Jokin Sistiaga Lasa

Lotsagarri eta salagarria

Abenduaren 27an, Donostiako Antigua auzoan San Sebastian Martir elizaren atarian gertaturiko portaera lotsagarri bat salatu nahi dut.

Goizeko 11:30 aldera, Donostiako Udaltzaingoaren ibilgailu bat (VW Golf 5872 DZB) elizaren ezkerraldean aparkatu eta bi gizonezko uniformedun eliza atarira inguratu ziren. Bertan, inor kaltetu gabe eta isilik, eskean ari ziren bi pertsonarengana zuzendu zirela ikusterakoan inguratu egin nintzen.

Polizia bat albo batera geratu zen, eta bestearen portaera lotsagarri, nazkagarri eta iraingarria izan zen. Bi eskale hauei emandako tratua benetan salagarria izan zen. Poltsikoetan zuten dirua kentzeaz gain, modu honetako esaldiekin zuzendu zitzaien: «Estas gordo, menuda panza estás echando...», «¿y contigo qué tenemos que hacer?¿Qué tenemos que hacer para que desaparezcas?».

Nork desagertu behar du? Bere herria utzi eta tamalez besteek emandako laguntzekin biziraun behar duen pertsonak ala uniforme baten azpian edozer gauza esan eta egiteko eskubidea duela uste duenak?

Nik, zoritxarrez, uniformedunengan konfiantza aspaldi galdu nuen, baina oraindik zentzudunen bat geratzen bada beraien artean, hartu beharreko neurriak har ditzala, horrelako gertaera iraingarririk berriro gerta ez dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo