Europako Banku Zentralak %1ean mantenduko du oinarrizko interes-tasa
2010. urteko lehen bileran hartu dute tasa neurri «egoki» horretan uzteko erabakia. 2010. urtean euroguneko ekonomia «neurrizko abiaduran» haziko dela aurreikusi du bankuko lehendakariak. Era berean, enpresei bideraturiko kredituen kontzesioa baxua dela adierazi du.
GARA |
Europako Banku Zentraleko (EBZ) gobernu batzordeak urteko lehen bilera egin zuen atzo, eta eurogunean %1eko interes-tasa mantentzea erabaki zuen, inoizko mailarik baxuenari eutsiz. Banku zentraleko arduradunek atzo Frankfurten egindako agerraldian azaldu zutenez, kredituaren erraztasun marjinala ere bere horretan utzi dute, eta hala, gaur egun EBZk %1,75eko tasan mailegatzen die dirua bankuei. Era berean, gordailu erraztasunaren maila ere ez dute ikutu, eta %0,25ean ordaintzen du dirua.
%1eko tasa 2009ko maiatzetik
EBZk %1ean mantendu du bere interes-tasa nagusia pasa den maiatzaz geroztik, atzeraldi ekonomikoari eta Depresio Handitik ezagutu den finantza-krisi okerrenari aurre egiteko. Lehenago, 2008ko urria eta 2009ko maiatza bitartean, Europako Banku Zentralak diruaren prezioa 3,25 ehuneko-puntutan murriztu zuen.
Azken hilabeteetan zabaldutako hainbat datu ekonomikoren arabera, euroguneko herrialdeetako ekonomia dagoeneko hasi da suspertzen, eta atzeraldi ekonomikoa iazko hirugarren hiruhilekoan utzi zuen atzean, urtebetez baino gehiago uzkurtuz joan ostean. Zehazki, euroguneko barne produktu gordina (BPG) %0,4 hazi zen 2009. urteko urria, azaroa eta abenduan.
Hala, Barclays Capital bankuko Julian Callow ekonomialariak adierazi zuenez, «EBZk ez du interes-tasak aldatzeko arrazoirik, gauzak entitateak itxaron bezala atera baitira».
Hala ere, eta hainbat adituk ohartarazi duten moduan, susperraldi hasi berri hau ahula da, banku zentral handiek txertatuko likideziak eta gobernuek zerga-neurri pizgarriak eskainiz indarrean jarritako programek eragin dutelako.
Gainera, ekonomiak ez du bilakaera berdina izan euroguneko estatu guztietan. Hala, Alemania, Estatu frantsesa eta Italia jada susperraldiaren bidean dauden bitartean, Estatu espainolean nahiz Grezian, esaterako, oraindik atzeraldian dago ekonomia.
Commerzbank bankuko Michael Schubert analistaren iritziz, berriz, abenduan egindako bileran EBZk «hainbeste erabaki» hartu zituenez, martxora bitartean ez du erabaki berririk publiko egingo.
2010eko azken hiruhilekoan
Hala ere, entitate europarrak interes-tasak aurtengo laugarren hiruhilekoan igoko dituela iragarri zuen Schubertek. Era berean, ordura arte EBZren lehentasuna finantza sistemaren gehiegizko likidezia erretiratzea izango dela esan zuen.
Enpresei kreditu kontzesioa normalizatu arte itxarongo du EBZk, Commerzbank-eko analistaren iritziz, hori izango baita ekonomia nahiz banku komertzialen portaera suspertzen ari den adierazleetako bat.
Hala ere, enpresei zuzenduriko kredituen kontzesioa oso baxua da gaur egun, eta atzo EBZko lehendakari Jean-Claude Trichetek esan zuenez «okertu egin da azken hilabeteetan». Zehazki, kredituen kontzesioak 8.000 milioi euroan egin zuen behera 2009. urteko azaroan, 2008ko urriarekin alderatuta. 2009an, beraz, 4,721 bilioi euro eman zizkieten enpresei, urtebete lehenago baino %1,9 gutxiago.
Neurri egokiak
Trichetek, atzo eguerdian eskainitako prentsaurrekoan, Grezia hartu zuen bereziki hizpide, eta «defizit fiskala murrizteko neurri egokiak» har ditzaten eskatu zien herrialdeko arduradunei. Era berean, Grezia eurogunetik ateratzea «zentzugabeko hipotesia» dela esan zuen.
Grezia eta beste hainbat herrialdetako egoera ekonomikoaz «lan asko dago egiteko eta beharrezkoa da herrialde guztietan politika fiskalean neurri egokiak ezartzea, eta oso garrantzitsua zailtasun bereziak dituztenentzat», adierazi zuen Trichetek.
Grezia eta Irlandari aipamen zuzena eginez, gainera, «euren lehiakortasuna indartzeko estrategiak» ezarri behar dituztela esan zuen.
Orokorrean, 2010. urtean euroguneko ekonomia «neurrizko abiaduran» haziko dela aurreikusi du entitateak.
Hainbat ekonomialarik ohartarazi dutenez, susperraldi ekonomiko hasi berria ahula da oso, bankuek txertatutako likidezia handiak eta gobernuen neurri pizgarriek eragindakoa delako.