GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

ERREMONTEA Binakako Txapelketaren finala, bihar Galarretan

Zakur zaharren trikimailuak

Lizasok eta Zeberio II.ak material oso ezberdina aukeratu dute, norberaren jokoa ezartzen saiatzeko.

Asier AIESTARAN

Iñaki Lizaso eta Patxi Zeberio dira bihar Galarretan jokatuko den Binakako Txapelketaren finaleko bi pilotari beteranoak. Esperientzia erruz dute biek, eta horren jakitun, bikotearen zama beren bizkarretan hartu beharko dute hein handi batean. Argi gelditu zen hori atzo Hernaniko pilotalekuan egin zuten material hautaketan, eta elkarren artean oso ezberdinak direnez, aukeratutako pilota motak ere argi utzi zuen bataren zein bestearen estrategiak nolakoa den.

Urrizak eta Lizasok bost pilota arin aukeratu zituzten, bote dezentekoak -133, 130, 131, 127 eta 128,5 gramokoak-. Zeberio II.ak eta Badiolak, aldiz, material lehorragoa hautatu zuten -128, 129, 130, 131 eta 132,5 gramo-. Badirudi Lizaso bere pilota arinekin errebotean min egiten saiatuko dela, pilota nahi duen lekuan jartzen maisua delako Doneztebekoa. Zeberio II.a, berriz, tantoa aurreko koadroetan erabakitzen saiatuko da, Badiolari ahalik eta laguntza gehien emanez.

«Hiru pilota klase jarri dituzte. Batzuk oso fuerteak ziren, beste batzuk erdi botekoak, eta arinagoak ere bazeuden. Non aukeratu bazegoen, pilotari bakoitzak nahi izaten duena ezberdina baita, eta horregatik pozik geratu naiz», adierazi zuen Iñaki Lizasok, sorbaldan izan zuen lesio larria ahaztu eta bere Binakako bigarren finala jokatzeko aukerarekin oso pozik.

«Profesional mailan 18 urte eman ondoren, eta ia urtebete jokatu gabe eman ostean, ez nuen pentsatzen oraintxe ematen ari naizen maila berreskuratuko nuenik. Uneaz gozatzea erabaki dut eta larunbatean txapelaren bila irtengo naiz, nahiz eta finala oso parekatua izango den», gaineratu zuen.

Aurrelari gisa Javier Urriza gaztea izango du. Gaztea, baina ez eskarmentu gabea. Urrutirago joan gabe, azken bi urteetan txapeldun izan delako iruindarra, iaz Julen San Miguelekin eta orain bi urte Lizasorekin. «Niri beraien pilotak ere komeni zaizkit, baina materiala hautatzerakoan bikotearen interesak hartu behar dira kontuan. Badiolari errebotean min egitea garrantzitsua izango da, baina horrekin bakarrik ez da final bat irabazten. Gauza asko egin beharko ditugu ongi: aurkariak mugitu, ezker horma erabili...».

Debutari bakarra

Patxi Zeberio eta Imanol Badiola ere txapelketa bikaina eginda iritsi dira finalera. Hasieran ez ziren faboritoen artean sartzen, baina elkarrekin oso ederki moldatu dira eta aurreneko saria, finalean egotea, eskuratu dute. Sari handia da, batez ere, Badiolarentzat, bere lehen final handia jokatuko baitu bihar 31 urteko atzelari azpeitiarrak.

«Nire lehen final handia da eta arazorik gabe daramat horrek dakarren guztia, egia baita horrelako hitzordu batek duen sona berezia izaten dela beti. Komunikabideek interes handiagoa erakusten dute, jendeak kaletik animoak ematen dizkizu... Askorentzat bart jaio naizela ematen du! Barrenean har berezi bat sentitzen dut, baina hori onuragarria dela esango nuke, partida motibazio eta tentsio egokiarekin jokatzeko. Ea neurketa on bat jokatzen dugun eta, ahal bada, garaipena guretzat den», onartu zuen jator.

Badiolari laguntzea tokatuko zaio, azkenik, Patxi Zeberio elduaindarrari. Finalak jokatzen espezialista hutsa da gipuzkoarra, eta bihar ere gogotik saiatuko da aurkariak bere sareetan nahasten: «Orain arteko norgehiagoketan gustura sentitu naiz. Badiola eta biok txapelketa txukuna daramagu, baina finalean aurkari oso gogorrak izango ditugu, langileak eta akats oso gutxi egiten dituztenak. Haiei irabazteko, lana beltz egitea tokatuko zaigu».

Dena prest, beraz, final handirako. Jaialdia 16.00etan hasiko da Galarretan eta finala bigarren partida izango da. Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du 16.45etik aurrera.

HIRUGARRENA

Javier Urriza gazteak ondoz ondoko hirugarren finala izango du biharkoa. Orain bi urte ere Lizaso atzelari zuela irabazi zuen txapela, eta iaz Julen San Miguelekin lortu zuen garaipena. Azkenaldian iruindarra modako pilotaria dela esan daiteke.

LEHENA

Imanol Badiolarentzat, aldiz, aurreneko final handia izango da biharkoa. Atzelari azpeitiarrak 31 urte ditu, ez da pilotan atzo goizean hasitakoa, eta urduritasuna ongi neurtzen lagundu behar lioke horrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo