GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Maudekin igarotako gaua

Iñaki LAZKANO

Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea

Eric Rohmer zendu berriaren film bat ikustea pintura bat lehortzen kontenplatzea bezalakoxea dela dio Gene Hackmanen pertsonaiak Arthur Penn apartaren «La noche se mueve» («Night Moves», 1975) thriller finean. Espainiar bertsioan, aldiz, maisu frantziarraren pelikula bat ikustea belarra hazten ikustea bezalakoa dela esaten du. Itzultzaile ekologistaren traizioak traizio, bizi-bizirik dirau irainaren espirituak. Nolanahi ere, halakorik aitortzea politikoki zuzena ez den arren, Hackman atseginari arrazoirik ez zaio falta. Rohmerren azken filmak aspergarriak baitira oso.

Alta, zeluloidezko harribitxi ederrak ere filmatu zituen Eric Rohmer sentiberak. Zinema aditu askoren ustez, «Le genou de Claire» (1970) zirraragarria da haren maisulanik handiena. Baliteke. «Ma nuit chez Maud» (1969) gazi-gozoa da gehien liluratzen gaituena, ordea. Clermont-Ferrand elurtuan girotua, maitasuna bilatzeko tenorean gizarteak ezarritako arau moralek gure bihotzak nola kaiolatzen dituzten erretratatzen du bertan malenkoniaz Rohmerrek.

Eszena samur batekin hasten da filma. Elizan dago Jean Louis Trintignant gazte katolikoa; apaizaren predikuei arreta jarri ordez, Françoise ilehori ederrari begira. Bere bizitzako neska aurkitu du ausaz. Hala, berebiziko garrantzia du zoriak beste behin. Elur bilakaturik, Maud dibortziatu ederraren ohantzera nahiz Françoise idealizatuaren altzora eramango du gaztea segidan. Ez da erabakigarria izango, ostera. Trintignanten esku utziko du-eta aukeratzeko parada. Eta, azken honek, desioari uko egin eta fedeak agintzen diona hautatuko du.

Saminez dago zipriztinduta filmeko azken sekuentzia, zinez. Bost urte geroago, Bretainiako hondartza batean egingo dute topo Trintignantek eta Maudek. Biok dute gogoan elkarrekin igarotako gaua. Itxaropenik eza da nagusi haien bihotzetan. Ezinezko maitasunaren erresumina. Françoiserekin ezkondu eta haur bat izanagatik ere, emazteak ez duela inoiz maitalea adina maitatuko baitaki Trintignantek. Iragana ahantzi eta fedeak inposatutako bizitza antzua aintzat hartzea besterik ez dagoela.

Gaur egun ere gizarteak ezarritako arauen arabera kateatzen dira usu sentimenduak, maitasuna alboratuz. Batzuek bakardadean itotzen dute maitasun galduaren nostalgia. Beste batzuek, berriz, zorion faltsuan. Maitasunaren aldeko borrokan kiskaltzen denik ere bada. Horrexegatik da hain garaikide eta hunkigarria «Ma nuit chez Maud» (1969). Guztiok, Rohmerrek ere, oroitzapenean iltzaturik dugulako Maudekin igarotako gaua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo